Minutu bateko isilunea egingo dute kaiko sexu erasoa gaitzesteko

Ertzaintzak 26 urteko gazte bat atxilotu du ostegun honetan Donostian, kaitik gertu emakume bati sexu erasoa egitea egotzita. Horren aurrean, udaleko talde guztiek adierazpen instituzional bat onartu dute, eta minutu bateko isilunea egingo dute gertaturikoa gaitzesteko. Isilunea gaur 12:00etan egingo dute, Alderdi Ederren. Hona hemen adierazpen instituzionala:
1.- Azken egunotan Donostian gertatu den sexu erasoaren ondoren, udalak bere gaitzespen sutsuena adierazi nahi du, bai eta biktimari eta haren inguruari elkartasuna adierazi ere. Horretarako, behar dituen informazioa eta udal baliabideak jarriko ditu haren osatze eta erreparazio prozesuan laguntzeko.
Ildo horretan, udalak, kasuaren berri izan eta ikuspegi osoagoa eta zehatzena izateko informazioa egiaztatu ondoren, Udalaren Indarkeria Matxistari Erantzuteko Protokoloa aktibatu du, premiazko bilera bat deituz informazio guztia biltzeko eta erakundeen erantzuna eta biktimari eta haren inguruneari eman beharreko arreta koordinatzeko.
2.- Horrelako erasoak gure gizartean dagoen indarkeria matxistaren eta genero desberdintasunaren adierazpenak dira. Gertatutakoak agerian uzten du, beste behin ere, beharrezkoa dela eragile sozialekin, feministekin eta, oro har, herritarrekin batera lan egiten jarraitzea, gizonen eta emakumeen berdintasunaren alde.
3.- Alde horretatik, udalak, bere eskumenen barruan, neurriak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du, biktimek arreta azkarra, koordinatua eta eraginkorra jaso dezaten, eta, aldi berean, prebentzio jarduerak indartu daitezen eta erasotzaileen zigorgabetasuna onartu ez dadin.
4- Udalak, giza eskubideen erabilera eraginkorra bermatzeaz arduratzen den erakunde publikoa den aldetik, 2025eko maiatzaren 2an, 12:00etan, minutu bateko isilunea deitu du Alderdi Ederren eta herritar guztiak gonbidatu ditu deialdiarekin bat egitera eta indarkeria matxista gaitzestera.
5.- Udalak bat egiten du hirian egiten diren gaitzespen deialdiekin.
Aldundiak ere bat egin du
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere, adierazpen instituzional baten bidez, Donostian gertatutako sexu erasoaren aurrean gaitzespenik irmoena adierazi du. Era berean, foru erakundeak gertutasuna eta elkartasuna adierazi dio biktimari, baita haien senideei eta gertuko pertsonei ere.
Gipuzkoako Emakumeen aurkako Indarkeriari Aurre Egiteko Protokolo Instituzionalaren arabera, aldundiak bat egin du Donostiako Udalak plazaratu duen gaitzespen adierazpenarekin.
“Horrelako gertakarien jatorria gizonen eta emakumeen arteko berdintasun falta da, emakumeak mendean eta kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistetan, hain zuzen. Horregatik guztiagatik, beste behin ere, berdintasunaren aldarrikapenean jartzen dugu azpimarra. Emakumeen eta gizonen berdintasuna errespetatzea, bai eta duintasuna, sexu askatasuna eta pertsonaren osotasun fisikoa ere, eskubide bortxaezinak dira; eskubide horien aurka egiten duten jokabideek ez dute lekurik gure gizartean”, adierazi du aldundiak.
Honela, Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du Donostiako Udalak plazaratutako gaitzespen adierazpenarekin eta dei egin die herritarrei, 12:00etan, Alderdi Ederren egingo den elkarretaratzera batu daitezen.