Udaletxea ezagutzeko aukera dute herritarrek igandera arte
642 lagunek bisitatu zuten eraikina atzo. Nork bere kabuz ikusteaz gain, bisita gidatuetan parte hartzeko aukera ere badago.

Donostiako Udala atzotik igandera bitartean udaletxea ikusteko aukera ematen ari da; lehen egunean, 642 lagun joan ziren eraikina bertatik bertara ezagutzera. Erakundea herritarrengana hurbiltzeko eta hiriko eraikin enblematikoa balioesteko antolatzen diren jardunaldietan, bisitariek areto desberdinak ikusteko aukera dute, hala nola, Udalbatza Aretoa, eskailera nagusia, Harrera Gela, Gobernu Batzarraren aretoa edota Prentsa Aretoa, baita udaletxeko beste elementu historiko batzuk ere.
Igandera arte izango da aukera, gaur, 16:00etatik 20:00etara, eta asteburuan, 11:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Ordutegi horretan eraikina laguntzarik gabe bisitatu ahal izateaz gain, bisita gidatuak ere aurrera eramango dituzte. Zenbait taldetan izena eman daiteke oraindik, nahiz eta leku libreak gutxi izan. Interesa dutenek bisitaren aurretik kontsultatu egin beharko diete langileei. Leku librerik ez balego, eraikina gidaririk gabe bisitatzeko aukera izango dute.
Udalaren historia azalduko duten bisitetarako aurreikusitako ordutegiak ere badaude. Gaur 16:00etan euskaraz eta 17:00etan gaztelaniaz, eta, bihar, 11:30ean eta 16:00etan euskaraz, eta 12:30ean eta 17:00etan gaztelaniaz.