Ekainaren 29ra arte luzatu dute 'Ipuscua. 1000 urte' erakusketa

San Telmo Museoak ekainaren 29ra arte luzatuko du Ipuscua 1000 urte. Ipuscuatik Gipuzkoara (1025-2025) erakusketa. Hasieran, maiatzaren 11ra arte zabalduko zutela iragarri zuten, baina museoak luzatzeko erabakia hartu du, bisitariek erakusketari egindako “harrera beroa” dela medio. Izan ere, orain arte 15.500 bisitatik gora izan ditu.
Erakusketa luzatzearekin batera, bisita gidatu programatuak eta eskolentzako eskaintza ere luzatu ditu museoak. Orain arteko moduan, datozen asteetan ere bisita gidatu programatuak eskainiko dituzte. Astearteetan (10:30ean gaztelaniaz + 18:00etan euskaraz) eta larunbatetan (10:30ean euskaraz + 18:00etan gaztelaniaz). Bisita doakoa da (beharrezkoa da web bidez lekua erreserbatzea ), baina museoko sarrera erosi behar da.
Orain arte 900 ikasletik gora joan dira erakusketara eskola taldeetan, eta hemendik aurrera ere hezkuntza zentroentzako prestatutako eskaintza (bisita gidatuak eta bisita-tailerrak) mantenduko dute. Eskolentzako bisita guztiak doakoak dira.
Maketari buruzko hitzaldia
Museoak gogorarazi duenez, etzi, maiatzak 7, erakusketan dagoen Gipuzkoako maketari buruzko hitzaldia eskainiko du Ana Azpiri historian doktore eta EHUko Donostiako Arkitektura Goi Eskolako irakasleak. Una maqueta para la ordenacion de Gipuzkoa, 1951. hitzaldia 19:00etan izango da, gaztelaniaz, eta streaming bidez ere emango da.
1951n erakusketa bat egin zen San Telmo Museoan Gipuzkoako Lurralde Antolamendu Plan berria aurkezteko eta piezarik deigarriena formatu handiko Gipuzkoako maketa bat izan zen, orain Ipuscua. 1000 urte erakusketan dagoena. Maketa horrek erreferentzia gisa balio izan zuen gero herrien plangintza egiteko eta mugarri bat da gaur egun Gipuzkoako hirigintzaren historian.
Ipuscua. 1000 urte erakusketak azken mila urteetan barrena egindako bidaia proposatzen du, Gipuzkoa entitate geografiko lausoa izatetik nortasun juridiko propioa zuen elkarte egonkor bat izatera nola igaro zen jakiteko, gaur egun arte iraun duten erakundeekin.