Abian da Udaleko Musika eta Dantza Eskolako izen ematea
2025-26 ikasturterako izena emateko epea zabalik gaurtik hilaren 30era arte; eskaintza "zabala eta askotariko" prestatu dute.

Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolaren izen ematea abian da eta datorren ikasturterako prestatutako eskaintzaren berri eman dute gaur goizean. Kultur zinegotzi Jon Insaustik nabarmendu du “zabala eta askotarikoa” dela eta “generoa, adina edo gaitasuna” kontuan hartu gabe, denei irekia dela. Ikasteaz gain, “protagonista aktibo” izateko aukera ere ematen die ikasleei, hiriko data esanguratsuenetan parte hartuta: Danborra, kaldereroak, santomasak edota Kontxako Badiako dantza erakustaldia.
Aurtengo ikasturtean, 2.832 ikasle ditu Eskolak, 29 instrumentutan, hiru dantza espezialitatetan eta irakasgai ugaritan, banaka edo taldean. Datorrenari begira, honakoa da eskaintza:
- Atotxako Zelaia eta Nestor Basterretxea plazetako azpiegitura nagusiak:
- Musika Hezkuntza Goiztiarra (0-2 urte).
- Musika eta Mugimendua (3-5 urte).
- Dantza: Euskal Dantza, Dantza Garaikidea eta Dantza Klasikoa (6 urtetik aurrera).
- Musika Tailerra (6-7 urtetik aurrera).
- Instrumentuak, Kantua eta Musika Hizkuntza (8 urtetik aurrera).
- Musika taldeak: orkestrak, bandak, Big Bandak, Rock, Pop eta Jazz, Ensemble, Gitarra, Txistua, Akordeoia eta Trikitixa (8 urtetik aurrera).
- Irakasgai osagarriak: Helduentzako Musika Kultura, Harmonia, Moldaketak, Inprobisazioaren Hastapenak eta Zuzendaritza Praktikak (16 urtetik aurrera).
- Irakaskuntza ofizialetarako prestakuntza (ikasketa profesionaletarako eta goi mailako ikasketetarako prestakuntza taldeak) (12 urtetik aurrera).
- Musika Tailerra (65 urtetik aurrera).
- Amara, Antigua, Añorga eta Loiolako Erribera:
- 3-7 urteko ikasleei zuzenduta Musika eta Mugimendua eta Musika Tailerra.
- 8 urtetik gorako ikasleentzako Txalaparta eta Dultzaina.
- Loiola Erriberetan eta Salaberrian, piano klaseak.
- Urbietako egoitzan, gitarra eta 13 urtetik gorakoentzako Kantu eskolak.
- Altza, Herrera eta Intxaurrondo:
- Musika eta Mugimendua 3 eta 5 urte bitartekoentzat
- Musika Tailerra 5 eta 7 urte bitartekoentzat.
- 8 urtetik aurrera eta adin mugarik gabe, Altza eta Intxaurrondoko egoitzetan, banakako piano klaseak.
- Herreran, bakarkako eskola ugari, datorren ikasturtetik aurrera piano modernoa. Gainera, ikasleek musika taldeetan eta Musika Hizkuntzako klaseetan parte hartzeko aukera dute, eta horrek hezkuntza esperientzia musikal osoa eta integrala bermatzen du.
Dantza guztiontzat
Musika eta Dantza Eskolan hiru espezialitate ematen dira: Euskal Dantza, Dantza Garaikidea eta Dantza Klasikoa. 6 urtetik aurrera, adin guztietarako taldeak daude. Helduek aukera dute Euskal Dantza eta Dantza Garaikideko hastapen taldeetan sartzeko, edo dantzaren gozamena berreskuratzeko eta Dantza Klasikoko, Garaikideko edo Euskal Dantzako maila aurreratuagoko taldeetan dantzatzen jarraitzeko.
Aipatutako eskaintzaz gain, +65 Musika Tailerra ikasgaia ere badu, 65 urtetik gorakoek musikaren eta psikomotrizitatearen bidez oroimena, kontzentrazioa eta ongizatea suspertzeko. Berrikuntza gisa, datorren ikasturtean erretiratuen elkarteekin lankidetzan, Atotxako egoitzaz gain, hainbat auzoetako erretiratuen zentroetan ere emango dituzte eskolak. Halaber, Eskolak Musika Gertu programarekin, Herrera eta Altxako ikasteetan Lehen Hezkuntzako ikasleei musika hezkuntza ematen die eta Bideberri Institutuko 12 eta 18 urte arteko gazteei.
Proiektu berritzailea
Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak Mediateka aurkeztu du, erakundeak autonomoki edo lankidetzan editatu edo sustatu dituen material didaktikoak herritarren esku jartzeko. Espazio honek partiturak, audioak, bideoak, liburuak eta jarduera interaktiboak eskaintzen ditu, Creative Commons lizentziekin, edukietarako sarbide libre eta arduratsua sustatuz.
Bertan aurki daitezke euskal folklorearen partitura egokituak, emakume konpositoreen lanak barne eta horri lotutako audioak. Gainera, mediatekan baliabide pedagogiko berritzaileak ere eskura daude, hala nola, jarduera interaktiboak, eta Eskolan irakasten diren instrumentuak aurkezten dituen Erabakita! bideo sorta, ikasleei eta familiei instrumentuen aukeraketan laguntzeko.