Altzako anbulatorioko irisgarritasuna hobetuko du udalak, igogailu bat eta bi pasabide ezarriz

Altzako anbulatorioko irisgarritasuna hobetzeko proiektua onartu du Tokiko Gobernu Batzarrak. Horrela, osasun zentroaren irisgarritasun unibertsala bermatu nahi du udalak, aparkalekua bertako sarbide nagusiarekin lotuz. Horretarako, hiru solairuko igogailua eta bi pasabide sortuko ditu, kanpoko aparkaleku publikoaren eremua inguruko bi interesgunerekin lotzeko: topoaren sarbidea eta Altzako anbulatorioaren sarrera. Proiektuak 652.194 euroko aurrekontua eta sei hilabeteko egikaritze epea ditu.
Udalak nabarmendu duenez, esku hartze honen ostean, ibilbide irisgarri berriak eskainiko dira, ez soilik ekipamendu sanitarioarentzat, baita auzoko bizilagunentzat ere.
Aparkalekuaren urbanizazioan igogailuaren nukleoa ezarri denez, beharrezkoa izango da eremua pixka bat birmoldatzea, ingurune horretan oinezkoentzako ibilbideen jarraitutasuna ziurtatzeko.
Donostiako Udalak gogorarazi du garraio publikoaren “etengabeko hobekuntzan murgilduta” dagoela, eta azken urteotan landu den gaietako bat udalerriko garraio bertikala hobetzea dela, hau da, udalerriko auzo altuetarako irisgarritasuna hobetzea.
“Irisgarritasunaren hobekuntza horien ondorioz, gaur egun hogei igogailu publiko inguru daude, eta horiek bizi baldintzak hobetu dituzte, kontuan hartuta tokiko biztanleriaren zahartze maila handia dela, hiriko hainbat gunetan”, adierazi du udalak.