Hausnarketarako aukera ugari maiatzean San Telmo museoan
Puri-purian dauden zenbait gairen gaineko solasaldiak eta hitzaldiak aurrera eramango dituzte datozen asteetan 'Erronkak' ildoaren barruan.

San Telmo Museoaren Erronkak ildoak gaurkotasuneko gaiei erantzuten die, batez ere pentsamendu eta eztabaida jardueren eta erakusketen bidez. Gizarteak dituen unean uneko erronka handiei bost ardatz nagusitan oinarrituta heltzen die museoak, ospe handiko beste erakunde batzuekin lankidetzan: Europa, kulturartekotasuna, berdintasuna, iraunkortasuna, bakea eta giza eskubideak. Maiatzeko eskaintzak geopolitikan jarriko du arreta, bereziki.
Batetik, Globernancerekin batera antolatutako zikloan, Europan puri-purian dauden gaiei buruzko gogoeta egin ohi dute adituek. Aurten, Europaren norabidea, demokrazia eta adimen artifiziala izango dituzte hizpide.
- Hilaren 15ean, osteguna, 19:00etan. Una nueva era para Europa solasaldian parte hartuko dute Andrea Rizzi kazetariak, geopolitikan eta migrazioetan aditua den Sami Naïr politologoa eta politika publikoetan aditua den Eva Silvan politikologoa. Munduko ordenaren egituraketa berriaren eta Europako herrialde batzuen olatu erreakzionarioen aurrean Europa bateratuaren proiektua desagertzeko arriskuan dago.
- Hilaren 22an, osteguna, 19:00etan. ¿Puede la democracia sobrevivir a la IA? galderari erantzuten saiatuko dira Globernance Institutuko zuzendari Daniel Innerarity filosofoak, Zuzenbide Zibileko irakasle Itziar Alkortak, eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Jose Ignacio Perez Iglesiasek. Teknologia berrien gobernantza taxutzeko modua erabakigarria izango da demokraziaren etorkizunerako; teknologia horiek demokrazia suntsitzea edo indartzea ekar lezakete.
Bestetik, EHUrekin eta Donostiako Udalarekin batera antolatzen duen Giza Eskubideen Ikastaroaren barruko Ucrania y Gaza ante la CIJ ¿Judicialización de la política? hitzaldiak ardatz izango ditu nazioarteko agenda markatzen ari diren bi gatazka. Etzi, hilak 8, emango du Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Nazioarteko Zuzenbide Publiko eta Nazioarteko Harremanetako katedradun emeritu Antonio Remiro Brotonsek. Ukrainak auzitara eraman du Errusia nazioarteko hainbat hitzarmen urratzea leporatuta; Hego Afrikak beste horrenbeste egin du Israelen aurka. Nikaraguak Alemania ere auzitara eraman du, Israelekin konplizitatea izateagatik. Politika judizializatzeak, krimenaz baliatzen denean, bakeari kalte egiten al dio?
Gainera, energiaren eta elektrizitatearen gaia ahoz aho dabilen honetan, energia nuklearren inguruan arituko dira Cristina Roig, Marisa Castro eta Javier Olaverri, Galde aldizkariarekin antolatutako saioan. Hilaren 20an, asteartea, 19:00etan hasita, ¿Otra vez a vueltas con las nucleares? gaiaren gainean ariko dira Movimiento Ibérico Antinuclear taldeko koordinatzaile Cristina Roig, Ekologistak Martxan taldeko Energia saileko kide Marisa Castro eta Javier Olaverri abokatua.
Aipatutakoez gain, hausnarketarako bide emango duten beste hiru saio ere izango dira hilabete honetan museoan.
- Ostiralean, hilak 9, 09:00-14:00. Gainditu gabeko erronkak desgaitasunean jardunaldia.
- Hilak 13, asteartea, 19:00etan. Las soluciones al problema de la vivienda en San Sebastián, a debate; Radio San Sebastiánek etxebizitzaren arazoa eta sektoreko eragileek planteatzen dituzten irtenbide posibleak jarriko ditu mahai gainean. Donostiako etxebizitza-krisiari buruzko datuak eta testuingurua emateaz gain, higiezinen sektoreko adituak izango dituzte, besteak beste, eskaintzari, eskariari eta prezioetan eragiten duten faktoreei buruzko ikuspegia emateko. Gai horretan eskumena duten erakundeetako arduradunek ere lagunduko digute, eta administrazioak hartzen dituen neurriak azalduko dituzte.
- Hilak 14, asteazkena, 19:00etan. La sexualidad en la vida contemporánea, Javier Gomez Zapiain