Oporrak Bakean programa berretsi du udalak

Donostiako Udalak 38.500 euroko aurrekontua onartu du Oporrak Bakean programa aurrera eramateko. Tindoufeko (Aljeria) kanpalekuetan errefuxiatuta bizi diren 9 eta 12 urte bitarteko (adin handiagokoak osasun arrazoiengatik soilik) haur sahararrei zuzenduta dago. Ekainetik abuztua bukaerara bitarte, bi hilabetez, haur sahararren harrera eta egonaldia bermatzen du programak.
Adingabeek kanpalekuetan dituzten bizi baldintza gogorrak ahal den neurrian arintzea da egitasmoaren helburua. Era berean, Donostiako herritarrak errealitate zehatz horretara hurbiltzen laguntzea da xedea, senidetutako bi udalerrien arteko harremanak estutzea eta herrien arteko elkartasuna bultzatzea.