Dorre kuantikoa eraikitzeko lanak hasi ditu Nanogunek

Imanol Pradales lehendakariak, Nanoguneko zuzendari Jose Maria Pitarkerekin batera, Nanoguneren bigarren dorrearen proiektua aurkeztu du gaur Donostian: Dorre Kuantikoa. Dorre berrian, Nanoguneren Hardware Kuantikoko ikerketa talde berri baten laborategiak eta Quantum Motion enpresaren Donostiako filiala egongo dira. “Enpresa hori aitzindaria da erdieroaleen teknologian oinarritutako txip kuantikoak garatzen”, jakinarazi dute.
Lehendakariak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa, unibertsitateen eta ikerketa zentroen arteko lankidetzan oinarrituta, zientzia, teknologia eta berrikuntzako ekosistema bat eraikitzeko. Gainera, Pradalesek azpimarratu du ahaleginak arlo estrategikoetan ardaztu behar direla: “Herri txikia gara eta, hortaz, hautatu egin behar dugu. Ahalegin berezia egin behar dugu indartsuagoak garen edo estrategikotzat jotzen ditugun arloetan”. Ildo horretatik, EAE nazioarteko erreferente bihurtzeko nahia adierazi du: “Ikerketa ekosistema aurreratua eta mundu mailan erreferente izatea nahi dugu. Eragile garrantzitsu izan nahi dugu kontzertu akademikoaren hainbat arlotan. Hori lortzeko, unibertsitate onak izatea ez da nahikoa. Beharrezkoa da urrats bat gehiago ematea eta maila goreneko unibertsitate eta ikerketako erreferente bihurtzea”.
Nanoguneren dorre berria eraikita, 1.500 metro koadro inguru handituko da eraikitakoa. Horren bidez, euskal zentroak nanozientzian eta nanoteknologian teknologia kuantikoetan duen jarduera sendotzeko eta indartzeko aukera izango du. Nanoguneko Jose Maria Pitarkek azaldu duenez, “Nanogunek beti egin du lan nanozientzia kuantikoaren arloan. Orain, Fernando Gonzalez-Zalba buru duen Hardware Kuantikoaren talde berriak dorre berrian puntako azpiegitura izango du txip kuantikoak diseinatu eta garatzeko, eta, gainera, Quantum Motion enpresa britainiarrarekin lankidetzan arituko da”. Bertan garatuko dituzten konputazio kuantikoko prozesadoreek konplexutasun handiko arazoak konpontzen lagunduko dute, hala nola, botika berriak edo material jasangarri berriak diseinatzen.
Azpiegitura horrek tenperatura baxuko sistema aurreratuak eta zehaztasun handiko instrumentazio elektronikoa izango ditu, abangoardiako hardware kuantikoa diseinatu eta karakterizatzeko beharrezkoak. Gonzalez-Zalbak azpimarratu duenez, helburua da “prozesadore kuantikoak ikertu eta garatzeko Europa hegoaldeko instalaziorik aurreratuena sortzea”.
Txip kuantikoak
Nanoguneren apustua silizioaren teknologian oinarritutako txip kuantikoak dira —gure ordenagailu, telefono mugikor edo ibilgailuen mikroprozesadoreen parte den teknologia bera—, eta, horretarako, manufaktura azpiegitura eta erdieroaleen industriaren ezagutza baliatzen ditu. “Teknologia horrek elektroi bakar baten spina erabiltzen du transistore motako egituretan, hala nola bit kuantikoetan —informazio kuantikoko oinarrizko unitatea da eta ordenagailu kuantikoak garatzeko funtsezko elementua—. Beste teknologia kuantiko batzuen eskala arazoak konpontzen dituen hardwarea da, zirkuitu elektroniko estandarretan integratzeko aukera ematen du eta, hala, berrikuntza eta garapen teknologikorako aukera berriak eskaintzen ditu”, azaldu dute.
Quantum Motion enpresa britainiarrak Nanogunerekin lankidetza hitzarmena sinatu zuen ekainean, eta aitzindaria da teknologia horretan. Hitzarmen horri esker, enpresa EAEn ezarriko da, eta, hala, Dorre Kuantikoaren bulegoetan irekiko du Europako Batasunan duen lehen egoitza. Nanoguneko Hardware Kuantikoko taldearekin lankidetza estuan lan egingo du.
Aurreikuspenen arabera, Nanoguneren talde berriak Quantum Motionekin sinatutako hitzarmenaren esparruan oso ondo prestatutako 50 pertsonako talde bat izango du hurrengo urteetan.