EAEko hegazti migratzaileen lehen atlasa argitaratu du Aranzadi Zientzia Elkarteak

Hegazti Migratzaileen Nazioarteko Eguna izango da maiatzaren 10ean, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak orain arte argitaratu den EAEko Hegazti Migratzaileen Atlas bakarra aurkeztu du. Bestalde, Euskadiko Hegaztien Migrazioa izeneko dibulgazio txostena, fenomeno horri buruz Parketxeen sarean egingo diren dibulgazioko hitzaldiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztiei zuzendutako material didaktikoa ere prestatu dituzte.
Aurkezpen ekitaldian, Aranzadiko Ornitologia saileko zuzendariak, Juan Arizagak, gure autonomia erkidegoak hegaztien migrazioan duen garrantzi estrategikoa azaldu zuen. Izan ere, “Euskadi, eskualde txikia izan arren, mendebaldeko Europan hegaztien migraziorako ezinbesteko tokian dago bere kokapen geografiko berezia dela eta. Izan ere, inbutu efektua dela eta, mendebaldeko Pirinioen eta Kantauri itsasoaren arteko migrazio fluxua kanalizatzen den tokian dago”.
Mendebaldeko Europaren iparraldearen eta hegoaldearen artean, hegaztien fluxurako ezinbesteko puntuan dago EAE eta, horrenbestez, kontinente osoko eskualde garrantzitsuenetako bat da bertatik hegazti kopuru handia igarotzen delako eta negua igarotzeko edo umatzeko eremuetara iristeko bidean lurraldean geldialdia egiteko aukeratzen duten tokia delako.
Hegazti Migratzaileen Atlasak gure lurraldea zeharkatzen duten hegaztien berreskuratzeei esker jasotako 100 urteko datu zientifikoak jasotzen ditu. Gainera, hegan ibiltzen diren 152 espezie horietarako, datuen azterketa zehatza egin da eta mapak eta grafikoak jasotzen ditu, besteak beste.