Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxako ekintza Donostian amaituko dute
Larunbatean, Bardeatik abiatu eta Donostian amaituko dute Euskal Herriko ekintza. Manifestazio bat egingo dute Easo plazatik, 19:30ean irtenda.

Hogei urte baino gehiago dira bost urtean behin Emakumeen* Mundu Martxa aurrera daramatela, eta aurten, Euskal Herrian seigarrenez gauzatuko dute ekintza internazional hau Herrien burujabetza eta bizitza duina. Gerra eta kapitalismoaren kontra! lelopean. Euskal Herriko ekintza larunbatean, hilak 10, egingo dute. Bardean hasi eta Donostiara abiatuko dira, tartean, Aramaio, Gernika eta Irun-Hendaia arteko zubitik igaroko dira zenbait ekintza eginez. Hirian, manifestazio batekin amaituko dute, Easo plazatik, 19:30ean irtenda.
Aste honetan zehar, halaber, Euskal Herriko hainbat txokotan Mugimendu Feministak eragile sozio-sindikalekin batera prestatutako jarduerak egingo dituzte, eta nazioarteko ekintzara batuz, hiru gai eta aldarrikapen mahai gaineratuko dituzte:
Lehenik, lurraren defentsan, “mundu eta bizitza bizigarriak” erdigunean jartzea. Klima larrialdia planetaren ustiatze eta xahutzea oinarri duen gizarte ereduaren ondorio da, hori “bultzatu, sostengatu eta ahalbidetzen” duten erakunde finantziero eta ekonomikoekin batera. Azken horiek interpelatuko eta salatuko dituzte, ahaztu gabe hegoaldeko herrialdeak kolonizatzen jarraitzeko mekanismo bat dela, “ipar globalak hego globalarekiko” egiten baitu. “Ezin dugu beste aldera begiratu. Bizi garen lurralde honetatik ere badugu erantzukizuna”, berresti dute.
Bigarrenik, sistema zisheteropatriarkal kapitalista eta kolonialista honi “zuzenean begirazteko” beharra nabarmendu dute. “Jendarte egitura hau lur eta gorputz jakin batzuen gaineko esplotazioan oinarritzen da. Bazterreko subjektuak kolpatzen dituen sistema batean bizi gara, sistemak berak sortzen dituen eta etengabe erreproduzitzen dituen subjektuak. Non gorputz migratu zein arrazializatuak diren zapalkuntza hauen jopuntuan aurkitzen direnak, besteak beste”. Hortaz, migrazio politikak mundu sistemaren egitura kolonialaren ondorio dira eta VI. Nazioarteko Ekintza honetan, beraz, sistema hau sostengatu eta ahalbidetzen duten Estatuen arteko mugekin apurtu nahi dutela adieraziko dute, gorputz batzuen gain “dominazioa eta indarkeria gauzatzeko tresna gisa” ulertzen baitute. Hori horrela, atzerritartasun legea bezalako politikak abolitzea urgentziazko neurritzat jo, eta gaitzetsi egingo dute bai indarkeria eta arrazismo instituzionala baita egitura horiek guztiak sostengatzen dituzten inbertsioak ere.
Hirugarrenik, indarkeria matxisten ildoari helduko diote. Egiturazkoak direla ulertuta eta, beste zapalkuntza sistema batzuekin batera, “emakume eta gorputz disidenteen bizitza, gorputza eta sexualitatea kontrolatzeko, gizonek, gizon taldeek, erakunde patriarkalek eta Estatuek tresna gisa” baliatzen dituztela.
Aipatutako guztiari aurre egiteko, indarkeriarik gabeko gorputz eta lurraldeen alde antolatuko dira eta feminismotik eragiten jarraituko dute. Dei egin dute astean zehar antolatu dituzten jardueretan parte hartzera, baita ekainaren 13tik 15era bitartean Marsellan burutuko duten Nazioarteko VI. joatera ere.