Gipuzkoako eta inguruko emakume sortzaileen azoka egingo dute larunbatean Londres Hotelean
Lokal Market zabalik egongo da 11:00etatik 20:00etara, eta sarrera doakoa da.

Gipuzkoako Emakume Sortzaileen elkarteak antolatuta, Lokal Market azoka egingo dute larunbatean, hilak 10, Londres Hotelean. 11:00etatik 20:00etara bitartean egongo da zabalik eta sarrera librea izango da.
Gertuko hogei bat sortzailek zeramika, bitxigintza, moda, kosmetika naturala, dekorazioa, ilustrazioa eta beste hainbat diziplinatako proposamenak aurkeztuko dituzte. Ekimenaren helburua tokiko talentuari ikusgarritasuna eman eta kontsumo arduratsua sustatzea da, Gipuzkoa eta inguruko emakume sortzaileen ekintzailetza zuzenean babestuz.
Lokal Arte diseinatzaile, artisau eta artistek osatutako elkartea da, prozesu eta material arduratsuak baliatuta, gertuko ekonomiaren eta ekonomia zirkularraren alde eginez. Kalitatezko eta bakarrak diren produktuak eskainiz, sortzaileen eta komunitatearen arteko topaguneak bilatzen dituzte, kontsumo eredu etiko eta iraunkorrago bat sustatzen duten bitartean.