«Hizkuntza ohiturak aldatzera eta zenbait inertzia astintzera» dator Euskaraldia
Bagera elkarteak eta Donostiako Udalak elkarlanean antolatu dute Donostiako Euskaraldia, eta auzoetako euskara batzordeek hamarnaka jarduera prestatu dituzte.

Ate joka dago laugarren Euskaraldia: maiatzaren 15etik 25era, Elkar mugituz egingo dugu lelopean, ahobizi edo belarriprest txapak jarri eta euskararen erabilera areagotzea sustatuko dute milaka herritarrek Euskal Herri osoan.
Hain zuzen ere, Donostiako Euskaraldiko egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa egin dute asteazken goizean udaletxean, eta nabarmendu dute “milaka” donostiarrek eman dutela izena dagoeneko, tartean 400 entitatek. Hala ere, izen ematea zabalik dago oraindik, webgunearen bidez modu telematikoan eta, modu presentzialean, Bagera elkartean, udaleko Euskara Zerbitzuan, hiriko edozein kultur etxetan eta Bentaberriko eta Loiolako Erriberako kiroldegietan; txapak ere jaso ahal izango dira gune horietan. Bulebarreko kioskoan ere aukera hori eskainiko dute hilaren 9tik 15era.
Gogoratu behar da bi rol daudela aukeran Euskaraldian norbanakoentzat. Ahobiziek, alde batetik, lehen hitz euskara egingo dute beti eta, euskaraz hitz egiten dakitenekin eta ulertzen dutenekin, euskaraz hitz egiten jarraituko dute. Belarriprestek, bestetik, aldiro erabakiko dute euskaraz hitz egin ala erdaraz, baina beraiei euskaraz hitz egiteko eskatuko diete besteei.
Horrela, Jon Insausti Kultura, Euskara eta Turismo zinegotziak nabarmendu du Euskaraldia aukera aparta dela “hizkuntza ohiturak aldatu eta zenbait inertzia astintzeko. Estres linguistikoa gutxitu eta euskaraz eroso aritzeko ariketa sozial ezin hobea da”. Ildo beretik jo du Amets Ibero Bagera Euskaltzaleen Elkarteko kideak: “Euskararen egoera kezkagarria izanik ere, herritarrak ilusio eta motibaziotik aktibatu behar ditugu berriro”. Harago joan da Altzako Bizarrain euskara elkarteko Josean Abecia: “Sare bat ari gara osatzen, euskaraz arituko den sare bat. Euskaraldia ez da ariketa soil bat, mugimendu bat da”.
Egitarau zabalak
Hamaika egun horietan zehar, askotariko kultur eta aisialdi jarduerez euskaraz disfrutatzeko aukera egongo da hiriko auzo gehien-gehienetan, auzoetako euskara elkarteek egitarau zabalak prestatu baitituzte: bisita gidatuak, bakarrizketak, kantujirak, kontzertuak, bertso saioak, mintzodromoak, hitano ikastaroak, ginkanak, jolasak, hitzaldiak, eta abar. Egitarau osoa hemen kontsultatu dezakezue.