Konpromiso sindikala adostu dute udaleko sindikatuek, Euskaraldia dela eta

Donostiako Udaleko Langileen Batzordea osatzen duten bost sindikatuek (ELA, LAB, CCOO, Erne eta ESAN) aho batez onartu dute Euskaraldirako konpromiso sindikala. Bertan, langileei Euskaraldian parte hartze aktiboa izan dezaten dei egiteaz gain, lehen hitza beti euskaraz egiteko konpromisoa hartu dute, eta baita euskara lan hizkuntza bihurtzea eta hizkuntza irizpideak betetzea ere.
Hain zuzen ere, honako puntuak jasotzen ditu adosturiko konpromiso sindikalak:
1. Modu aktiboan parte hartzea: Sindikatuko kideok eta langileok Euskaraldian modu aktiboan parte hartzeko konpromisoa hartzea.
-Euskaraldian izena ematea eta ahobizi ala belarriprest gisa parte hartzea.
-Sindikatuaren lan taldekoen bilerak euskaraz egitea, bakoitzak bere rolaren arabera jokatuz, betiere ulermena bermatuta dagoenean.
-Lan taldekoen arteko ahozko harremanetan euskaraz aritzea, bakoitzak bere rolaren arabera jokatuz, betiere ulermena bermatuta dagoenean.
2. Lehen hitza euskaraz egitea: Sindikatuak langile zein herritarrekiko harremanetan proaktibotasunez jokatzea, alegia, lehen hitza euskaraz egitea eta euskarazko eskaerei euskaraz erantzutea.
3. Euskara lan hizkuntza bihurtzea: Afiliatuek gaitasuna hobetzeko eta euskaraz lan egiteko xedea duten prestakuntza ikastaroetan parte hartzera animatzea (euskalduntze ikastaroak, ahozkoan erraztasuna lortzeko, idatzizko dokumentuak euskaraz sortzeko…).
4. Hizkuntza irizpideak betetzea: Hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak langile afiliatuen artean zabaltzea eta hauek betetzeko konpromisoa hartzea, eta sindikatuaren aldetik, euskaraz funtzionatzen duten udal erakunde eta ataletarako solaskide euskaldunak izendatzea.