Agitiko kala «ahalik eta azkarren» leheneratzeko eskatu diote Gipuzkoako Batzar Nagusiek Eusko Jaurlaritzari

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote “ahalik eta lasterren has daitezela Agiti kalaren ingurumena lehengoratzeko izapideak”, atzo osoko bilkuran onartutako ebazpen baten bidez. Igeldoko Agitiko kalan Culmanor S.A. enpresak aspaldi abandonatutako arrain haztegi bat dago, “zeharo hondatuta”, Eguzki talde ekologistak nabarmendu duenez.
Ebazpen berean, Batzar Nagusiek Jaurlaritzari eskatu diote enpresari “eska diezaiola bete ditzala legez eska dakizkiokeen lehengoratze neurriak, eta, hala badagokio, helburu hori ahalik eta lasterren lortzeko subsidiarioki jardun dezala”. Halaber, Batzar Nagusiek Donostiako Udalari eskatu diote Agitiko kala leheneratzeko “lankidetza aktiboa izan dezala”.
Eguzkik oso modu positiboan baloratu du Batzar Nagusien ebazpena. “Badakigu ondorio mugatuak dituela, baina luze ahazturik egon den gai bat agendan jartzen laguntzen du, dudarik gabe. Kontuan izan arrain haztegiaren jarduera 2006an geratu zela bertan behera, eta abandonatutako instalazioek oso paraje berezia okupatzen dutela. Izan ere, Ura agentziak, 2012ko txosten batean, honako hau esan zuen: ‘Oso balore ekologiko eta paisajistiko nabarmena duen eta leheneratzeko gaitasun handia duen parajea da'”, adierazi du Eguzkik ohar baten bidez.
Ebazpena onartuta, honakoa espero du talde ekologistak: “Lehenik eta behin, aktan bai, baina aktatik kanpo ere ondorioak izatea; ebazpenean ‘ahalik eta lasterren’ esaten denean, benetan ‘ahalik eta lasterren’ izatea, abandonu urteak pilatzen jarraitu gabe; eta eskumenen inguruan egon daitekeen eztabaida –egia esan, gure ustez, gaur egun gauzak nahiko garbi daude– arazoari heldu gabe jarraitzeko aitzakia ez izatea”.
Eguzkik zehaztu duenez, jatorrizko ebazpena PPk aurkeztu zuen. Gero, EH Bildurekin erdibideko ebazpena adostu zuen, eta Elkarrekinek ere alde bozkatu zuen. Horrek bermatu zuen Batzar Nagusiek ebazpena bere osotasunean onartzea. Hala ere, ebazpenak hiru puntu zituen eta puntuka bozkatu zen. Lehenengoan (Jaurlaritzari “ahalik eta lasterren” ekiteko eskatzen diona), EAJk ere alde bozkatu zuen; PSE, berriz, abstenitu egin zen. Bigarrenean –Jaurlaritzari, “hala badagokio”, subsidiarioki aritzea eskatzen diona–, EAJk eta PSEk kontra bozkatu zuten. Hirugarrenean –Donostiako Udalaren “lankidetza aktiboa” eskatzen duena–, guztiek aho batez bozkatu dute.