Bidezko Merkataritza azoka egingo dute larunbatean Gipuzkoa plazan
Salmenta postuez gain, bestelako jarduerak ere izango dira goizean zehar kontsumo aukerei buruz hausnartzeko.

Bidezko Merkataritzako produktu bat dago eguneko une bakoitzerako lelopean Donostia Bidezko Merkataritzaren Munduko Egunarekin bat egingo du larunbatean. Donostiako Bidezko Merkataritzako Taldea osatzen duten sei elkarteek —Adsis Fundazioa, Proclade-Yanapay, Oxfam Intermon, Proyde-Proega, Setem eta Alboan— eta Donostiako Udalak lankidetzan antolatu duten jarduera-programa bat atondu du. Horren bidez, salatu nahi dute zenbait ohiko produkturen atzean, esaterako, arropa, kafea edo kosmetika, maiz, lan baldintza prekarioak, prezio bidegabeak, ingurumenaren degradazioa edota haurren esplotazioa dagoela; eta kontsumitzaileei gogorarazi nahi diete Bidezko Merkataritzako produktuak alternatiba egokia direla, giza eskubideak eta lan eskubide duinak bermatuz eta ingurumena errespetatuz ekoizten baitira.
“Horrelako ekimenek, herritarrak sentsibilizatzeaz gain, alternatiba errealak eskaintzen dituzte kontsumo eredu bidezkoago eta iraunkorrago baterantz aurrera egiteko. Bidezko merkataritzaren alde egitea lan eskubideak, ingurumena eta pertsonak erdigunean jarriko dituen ekonomia globala defendatzea da. Sustatzen ditugun balioekin koherenteagoa den hiria eraikitzeko modu zehatz eta eguneroko bat da”, adierazi du Ingurumen, Inklusio eta Aniztasun zinegotzi Iñigo Garciak.
Gipuzkoa plazan jarriko dute azoka. Aipatu elkarteetako ordezkariez gain, Saretuz, Egoaizia eta Paz y Solidaridad taldeek ere parte hartuko dute. Bidezko merkataritzako produktuak erosteko aukera izango da 10:30ean hasita, eta goiza girotzeko, baita dastatze postu bat, haurrentzako txotxongilo tailer bat edo kontsumo arduratsuari eta larrialdi klimatikoari buzuko mezuak zabalduko dituen clown bat ere. Horrez gain, Zentzumenen espazioa delakoa ere prestatuko dute: eguneroko hautuak ingurumenaren zaintzarekin lotzen dituen zentzumen bidaia lau produkturen bidez, errealitate birtualeko joko bat egongo da produktu batek sorburutik gure mahaira iristeko egiten duen bidea ikusteko, eta hiriko kontsumo arduratsuko eta bidezko merkataritzako denden mapa bat aurkeztuko dute.
Hausnarketarako jardunaldia
Krisi klimatikoak zerikusi zuzena du gure kontsumo ohiturekin. Kafea, kakaoa edo kotoia bezalako eguneroko produktuek, ekoizpen katean, baso soiltzea, pestiziden erabilera intentsiboa eta CO2 emisioak eragiten dituzte Hego globaleko ekoizpen erkidegoek klima aldaketaren ondorioak pairatzen dituzten bitartean — lehorteak, uholdeak, uzta-galerak —, Iparraldeko enpresa handiek etekinak pilatzen jarraitzen dute, beren ereduaren ingurumen eragina onartu gabe. Ehungintza eta kosmetika bi adibide esanguratsu eta ezagun dira. Horren aurrean, Bidezko Merkataritzak tokiko ekosistemak babesten ditu, nekazaritza jasangarria sustatzen du, eta ingurumen inpaktu txikia duten ekoizpen metodoei esker, klima-aldaketari aurre egiteko aliatua da.
Ekitaldien agenda osoa www.comerciojustodonostia.org webgunean kontsulta daiteke.
Bideo foruma, gaur
Aurtengo berritasun moduan, zine foruma egingo dute gaur arratsaldean. Trueba zinema aretoan Los tomates escuchan a Wagner filma ikusi eta aditu batekin solasaldia egingo dute, denen artean kontsumo aukerei buruz hausnartzeko.