Gipuzkoako pentsiodunek 48.039 sinadura jaso dituzte gutxieneko pentsioak hobetzeko
EAEn, berriz, 140.000 mila sinadura baino gehiago bildu dituzte lau hilabetetan.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gutxieneko pentsioak osatzeko Herri Ekimen Legegile (HEL) bat aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, iazko irailaren 26an. Pentsiodun onuradunei bizi baldintza duinak izatea ahalbidetuko dien sarrerak bermatzea du helburu. Urriaren 29an legebiltzarreko mahaiak tramitera onartu zuen ekimena, eta abenduaren 24an sinadurak biltzeko lau hilabeteko epea irekitzea erabaki zuen EAEko Hauteskunde Batzordeak.
Gipuzkoako Pentsiodunen Mugimenduak agerraldia egin zuen atzo Bulebarrean, azken lau hilabeteotan bildutako sinaduren berri emateko. Guztira, 48.039 sinadura jaso dituzte Gipuzkoan. EAEn, berriz, 140.000 mila baino gehiago dira lortu dituztenak. “Horrek argi adierazten du euskal gizartearen sektore zabal baten interesa eta adostasuna gure lege proposamenarekiko, ez soilik pentsiodunena, baizik eta herri-sektore zabalarena, oro har langileena, gazteena, emakumeena, etorkinena…”, nabarmendu zuten agerraldian.
“Arrakasta” hori hein batean Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua osatzen duten pentsiodunen “lanari eta konpromisoari esker” izan dela adierazi zuten. “Halaber, oso garrantzitsua izan da gizarteko hainbat esparrutan erreferenteak diren pertsona ezagunek HEL-ari eman dioten babesa, herritarrei dei eginez hura sinatzera eta babestera. Gipuzkoan 62 pertsona erreferenteren babesa eta atxikimendua jaso dugu, eta EAE osoan 289 pertsonena. Azkenik, nabarmendu Emakume Pentsiodunen manifestuak jasotako ehundik gorako hainbat erakunde feministen babesa eta apirilaren 5ean soldata eta pentsio duinen alde egindako manifestazio jendetsuak”, gaineratu zuten.
Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadura bilketaren azken ekitaldia hilaren 15ean egingo dute. Gasteizko Legebiltzarrean sinadurak entregatuko dituzte, pentsiodunen “manifestazio jendetsu” batekin batera. “Autonomia Estatutuak Eusko Jaurlaritzari pentsioak osatzeko eskumen osoa aitortzen dio, eta hark orain txosten bat egin behar duenez, ulergaitza izango litzateke ezezko txostena egitea eskumen hori egikaritzea eragozteko. Era berean, legebiltzar talde guztiei ere zuzenduko gatzaizkie, argi eta garbi adieraz dezaten ekimen hau lege-proiektu gisa izapidetzearen alde edo aurka bozkatuko duten”, azaldu zuten.
Ekimenaren xehetasunak
Herri Ekimen Legegile honek gutxieneko pentsioak osatzeko euskal sistema bat garatu nahi du, 60 urtetik gorako pentsiodunen gizarte bazterketaren arriskua prebenitzeko. HEL honetan ezarritako osagarria pentsiodun bakoitzari aitortutako prestazio ekonomikoa da, pertsona bakarreko unitate ekonomikotzat jotzen dena eta bizi baldintza duinak izatea bermatzen dion diru sarrera nahikorik ez duena. Osagarri horren zenbatekoa, jasotzen den pentsioaren eta urtero eguneratutako LGS lanbide arteko soldataren zenbatekoaren arteko aldea kalkulatuz ezartzen da.