Lillian Hellman gidoigilea nabarmenduko du Zinemaldiak

73. Donostiako Zinemaldiak Lillian Hellman gidoigileari eskainiko dio atzera begirakoa. Egile estatubatuarrak, besteak beste, William Wyler, Arthur Penn, William Dieterle eta George Roy Hill zinemagileekin lan egin zuen. Hollywood klasikoko izen handietako bat
Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak antolatu dute zikloa, Espainiako Filmotekarekin elkarlanean, eta liburu bat argitaratuko dute Hellmani buruz, hiru emakumezko idazlek ondua, haren ibilbidearen alderdi guztiak aintzat hartuta.
Lillian Hellman (1905-1984) urte luzez izan da enigma erabatekoa. Garai gatazkatsuak bizi izan zituen estatubatuar antzerkigile, eleberrigile eta gidoigileak, hasi Depresio Handitik eta macarthismoaren sorgin ehizara arte, eta horien islak ageri dira bere obran, misteriotsua izanagatik, askok aldarrikatu dutena, batik bat alderdi zinematografikoa. Zinemaldiak bere lana gogoratu nahi du atzera begirako honen bidez, eta Hellmanen obra zinematografiko guztia eskaini, funtsezkoa baita Hollywoodek joan den mendeko 1930eko hamarkadatik 1960kora izandako bilakaera estilistiko, tematiko eta ideologikoak ulertzeko.
Hellmanek, besteren testuekin gidoia eginez edo bere antzezlanen egokitzapena eginez, esku hartu zuen filmetatik hiru hauek aipatuta, esanda dago esan beharrekoa: The Little Foxes (1941), William Wylerren filma, Hellmanek bere antzezlanean oinarrituta egindako gidoiarekin, eta Bette Davis protagonista dena; The Children’s Hour (1961), Wylerren beste lan bat, Hellmanen lan konplexu bat duena oinarri —eskola bateko bi irakasleren (Audrey Hepburn eta Shirley MacLaine) gaineko zurrumurru faltsuak jorratzen ditu—, eta Hellmanek berak gidoian parte hartu zuena; eta The Chase (1966), Arthur Pennena, Estatu Batuetako hegoaldeko gizartean hedatutako indarkeriaren eta arrazismoaren erradiografia azpimarragarria, Hellmanek Horton Footeren eleberrian oinarrituta idatzi zuena, Marlon Brando, Jane Fonda eta Robert Redford izanik protagonistak.
William Wylerrekin harreman oparoa izan zuen, aipatu bi film horiez gain, Wylerrek These Three (1936) ere zuzendu baitzuen, hots, The Children’s Hour antzezlanaren lehen bertsioa. Hain zuzen ere, zuzendariak eta idazleak berriz heldu zioten istorio horri The Children’s Hour filma ontzeko: ezustean, pertsonaia-azterketa modernoa da oso; izan ere, neskato batek bi irakasle maitaleak direla haizatu ondoren, gezurrak haien aurka egingo du gogor. The Little Foxes, The Chase bezala, AEBko hegoalde despotan dago girotuta, eta pertsonaia goranahien erretratu bikaina da. Hellman eta Wyler elkarrekin aritu ziren, halaber, drama soziala eta zinema beltza uztartzen dituen Dead End (1937) filmean.
Hellman estreinakoz aritu zen gidoigile-lanetan 1935eko The Dark Angel (Sidney Franklin) melodrama erromantikoan, gerraosteko ondorio emozionalak langai hartuta. Zineman bezala antzerkian ere bide egin zuen, baita idazketan ere, fikzioa eta errealitatea batzen zituen memoria-liburuen bitartez. Zenbait eztabaidaren erdian izan zen, Estatu Batuetako antzerkigintzan berriak ziren kontzeptuak asmatu zituen, etsaitasun aski sonatua izan zuen Mary McCarthy eleberrigilearekin eta beti izan zuen jarrera ezkertiarra.