Txosnak ez merkantilizatzeko eskatu dute Donostiako Piratek, Bilboko Konpartsekin eta Gasteizko Txosnekin indarrak batuz

Donostiako Piratek elkarretaratze bat egin dute Bilbon, bertako Konpartsekin eta Gasteizko Txosnekin batera, jai herrikoiak, egun ezagutzen ditugun moduan, “desagertzeko arriskuan” daudela ohartarazteko: “Gaur, Bilboko Aste Nagusia hasteko 100 egun falta direnean, baina baita Gasteizko Andra Maria Zuriaren jaietarako 88 eta Donostiako Aste Nagusirako 93 falta direnean ere, hemen elkartu gara Bilboko Konpartsak, Gasteizko Txosnak eta Donostiako Piratak ordezkatzen ditugunok, alarma mezu bat zabaltzeko: jaiak, gaur egun ezagutzen ditugun bezala, desagertzeko arriskuan daude”, azaldu dute ohar baten bidez.
Gaurko elkarretaratzean, “gero eta gertuago” ikusten duten errealitate bat islatu nahi izan dute. Salatu dutenez, “mundua pribatizatzen ari da, eta gero eta zailagoa da txosnak eta herri-jaiak antolatzea”. Aisialdia “merkantilizatuta” dagoela nabarmendu dute, eta irabazi asmorik ez dutenei gero eta oztopo gehiago jartzen dizkietela espazio publikoa erabiltzeko. “Agerikoa da, instituzioek lehentasuna ematen diete irabazi asmoa duten jarduerei”, deitoratu dute.
Aldiz, autogestioan oinarritutakoei “zailtasun gehiago” jartzen dizkietela adierazi dute. “Tramite administratiboen zama, kostuen garestitzea, araudi murriztaileak. Arriskuan jarri du adierazpen kolektibo hauen etorkizuna, irabazi asmorik gabeko txosna eta jaiena”, salatu dute.
Jai eredu hau Euskal Herrian hain errotuta egonda, “anomalia” iruditzen zaie “gure izaera ez aitortzea”, eta administrazioak ez izatea jai herrikoien beharretara egokitutako esparrurik: “Ez gara enpresak, ez gara ekitaldi komertzialak, boluntarioak gara. Ondo pasatzea kontu serioa da. Txosnak gure herriaren altxorra dira, eta babestu egin behar ditugu, ezberdindu behar ditugu merkataritza ekitaldietatik”.
Nabarmendu dutenez, urtero antolatzen dira milaka eta milaka pertsona jai herrikoiak eduki ahal izateko herri eta auzoetan. “Ahalegin hori da gure altxorra,
interes ekonomikorik gabe antolatzea, herri moduan, herritarren onurarako. Posible dela frogatzen dugu urtero, eta horregatik sortu dira hainbeste oroitzapen eta emozio espazio hauetan. Guretzat ez dago gauza ederragorik jaiak antolatzeari eskaintzen diogun denbora baino. Eta ez dago gauza tristeagorik hainbeste maite dugun eta guztion artean hainbeste gozatzen dugun hori desagertzeko arriskuan ikustea baino”, adierazi dute.
Horregatik, ekitaldi handi bat egingo dute maiatzaren 31n, 11:30ean, Bilboko Miribillako anfiteatroan, “txosnak eta herri-jaiak defendatzeko”. Ekitaldian parte hartzeko deia ere egin dute.