«Atzerritarrei euskarazko hiztegi txikiak banatuko dizkiegu»
Norbanakoek ez ezik, zenbait eta zenbait erakundek ere parte hartuko dute Euskaraldian. 'Ahobizi' eta 'belarriprest' txapak janzteko prest daude, hala, Aquariumeko langileak. Esther Irigarai Arrate (Lasarte, 1970) Aquariumeko zuzendari kudeatzaileak azaldu du euskararen erabileran urratsak egiten jarraitu nahi duela erakundeak, beste urte batez, bisitarien zein barne lantaldearen hizkuntza joerak aldatzeko asmoz.

Zergatik erabaki du Aquariumek Euskaraldian parte hartzea? Zein da zuen motibazioa?
Aquariuma duela mende bat baino gehiago sortu zen, eta, geroztik, euskal itsas historiari eta, oro har, tradizioei zein euskal kulturari buruzko zabalkundea egin du erakundeak. Zentzu horretan, euskararekiko kezka beti izan dugu presente. Are gehiago, Donostiako portuan lehen arrantza eskola sortu genuenean gai guztiak euskaraz eman ziren, hain zuzen, gure arrantzale gehienek hitz egiten zuten hizkuntza horixe zelako.
Aquariumetik bisitari asko igarotzen dira egunero-egunero, bai bertakoak, bai atzerritarrak, eta horregatik gure ardura da gure hizkuntza ezagutaraztea, baita gure kultura ere.
Bisitari horiei begira, nola parte hartuko du Aquariumek Euskaraldian?
Alde batetik, bezeroaren arretaz arduratzen diren langile guztiek eramango dute soinean ahobizi edo belarriprest txapa; hori ez ezik, kartelak jarriko ditugu Aquariumen, zeintzuek bisitariak Euskaraldian parte hartzera animatuko dituzten.
Bestalde, aurten Euskaraldiaren totem bat jarriko dugu, eta egun horietan Aquariumera bisita egiten duten atzerritarrei euskarazko hiztegi txikiak banatuko dizkiegu. Hiztegi horiei esker ahalbidetu nahi dugu bisitatzen gaituzten pertsonek euskarazko hitz batzuk erabiltzea.
Horrez gain, Aquariumek definituta dauka bere hizkuntza politika: lehenengo agurrerako hizkuntza beti izango da euskara, eta bisitarientzako prestatutako seinaleztapen sisteman ere euskara da lehen hizkuntza. Neurri horiei esker, uste dugu euskararen erabilera normalizatzen dugula, eta, hala, bisitariak haren existentziaz jabetzen direla.
«Euskaraldiak asko laguntzen gaitu urte osoan zehar, euskaraz hitz egin ez, baina ulertzen dutenei euskaraz egiten diegulako»
Eta lantaldeari begira?
Normalean, lantaldeko pertsona batek, Mireia Artetxek, dinamizatzaile lanak egiten ditu, eta bera arduratzen da ekintzak dinamizatzeaz. Aurten, ordea, dinamizatzailerik gabeko Euskaraldia egingo dugu, proba moduan.
Nolakoa izan da zuen esperientzia aurreko edizioetan? Ikusi duzue aldaketarik hizkuntza ohituretan?
Aurreko urteetako esperientzia oso positiboa izan da guretzat, Aquariumeko lantaldea oso aktiboa izan baita urtero Euskaraldiari dagokionez. Batik bat, ekimena baliagarria izan zaigu euskaraz ez dakitenekin gaztelaniaz hitz egiteko dugun joera aldatzeko. Belarriprest txapa eramateak lagundu egiten gaitu pertsona horiengana jotzean lehen hitza euskaraz egitera bultzatzen gaituelako. Eta hori, urtez urte, gure ohituretan txertatu da.
Euskaraldiak ofizialki irauten dituen hamaika egunez harago, urtean zehar nolako eragina du ekimenak Aquariumean?
Kanpora begira, bisitariei dagokionez, aurrez aipatutako hizkuntza politika du Aquariumek, eta hori urte osoan zehar mantentzen den zerbait da, Euskaraldiko egunez haratago. Beti saiatuko gara lehen agurra euskaraz egiten, lehen hizkuntza gisa euskara hautatzen.
Baina, esango nuke are eragin handiagoa duela barne taldeari dagokionez. Euskaraldiak asko laguntzen gaitu urte osoan zehar, esan bezala, euskaraz hitz egin ez, baina ulertzen dutenei euskaraz egiten diegulako; pentsatu gabe lehen hitza gaztelaniaz esateko dinamika hausten laguntzen digu Euskaraldiak