«Espero dugu atleten artean Euskaraldiko gure kamisetek arrakasta edukitzea»
Entitateen parte hartzea ezinbestekoa da Euskaraldian, euren langile, kide edota bezeroentzat euskaraz lasai aritzeko gune bat eskaintzen dutelako, neurri handiagoan edo txikiagoan. Ildo horretatik, Gipuzkoako Atletismo Federazioko presidente Ramon Goikoetxea Abadiak argi dauka Euskaraldia baliatu dezaketela euren atleten hizkuntz ohiturak aldatzeko.

Gipuzkoako Atletismo Federazioak Euskaraldiko beste edizioetan parte hartu du?
Ez, entitateak lehenengo aldiz parte hartuko du Euskaraldian. Anoetako estadio txikian gaztelania asko erabiltzen dute euskaldun askok, beren etxean eta herrian euskaraz egiten duten arren. Horri buelta bat emateko izena eman dugu, horixe baita gure kezka. Ohitura horri haustura eman edo aldaketa bat eragin nahi dugu euskara indartzeko helburuarekin, eta Euskaraldia aukera ona dela pentsatu dugu. Hori dela eta, kamiseta batzuk prestatu ditugu, oraindik ez daudenak salgai. Gure webgunean salgai egongo dira kamiseta horiek, baita Donostiako Maratoiko webgunean ere. Kamisetek, federazioko logoaz gain, ahobizi edo belarriprest logoa izango dute aurrealdean. Atzealdean berriz, Euskaraldiko logoa eta leloa izango dituzte. Horrek lan gehiago suposatzen du, baino espero dugu batzuk saltzea.
Kamiseten harira, bi rolei garrantzi bera emango diezue?
Bakoitzak nahi duen rola izango du, euren esku uzten ditugu bi kamisetak. Nik uste dut hogei pertsona kamisetarekin ikusteak interesa piztuko duela. Espero dugu atleten artean Euskaraldiko gure kamisetek arrakasta edukitzea. Gutxi batzuk badira ere, horiek euskararen aldeko jarrera erakustea ezinbestekoa da. Txapa baino ikusmira handiagoa du kamiseta batek, ikusiko dugu zer nolako erantzuna duen.
«Aurreko legealdiko kezka euskara indartzea zen, eta Euskaraldiarekin egoerari buelta bat eman nahi diogu»
Kirolarien artean euskarak zer garrantzi du?
Guk Kirolene ikastaroaren bitartez monitore guztiei euskaraz hitz egiteko deia zabaltzen diegu. Monitoreek euskaraz jakin arren, batzuk gaztelaniara jotzen dute. Gure atletek pistan kaleko giro bera dute, kalean euskara erabiltzen dutenek giro euskaldunagoa dute, batez ere, Gipuzkoako herritakoek, Tolosakoek, Azpeitikoek edota Ordiziakoek. Donostiakoek, ordea, erabilera eskasagoa dute.
Euskaraldiarekin egoerari buelta emango diezuela uste duzue?
Bai, ezinbestekoa da. Badirudi euskara zaharren hizkuntza bihurtu dela. Nirekin, denek edo gehienek, lehenengo hitza ez ezik, orokorrean, euskaraz hitz egiten dute. Monitore gazteekin, ia kontrakoa da. Nahiz eta etxeko giroa erabat euskalduna izan haien herrietan, hemen beraien artean ez dute euskaraz hitz egiten.
Zuen kasuan, Euskaraldiaren moduko ekimenek zer garrantzia dute?
Orain arte beste edizioetan entitate gisa ez dugunez parte hartu, ez dugu esperientzia handirik izan. Gure artean eta sare sozialetan euskara gehiago erabiltzen saiatzen gara. Kezka batzuk izan ditugu euskarak behar duen presentzia ez izateagatik, baina, gaur egun, webgune osoa elebiduna da. Hori da gure esku dagoen bakarra. Horretaz gain, Anoetako pistako egoera ez dago gure esku soilik, kluben esku ere badago. Gure atletak direnez, euren artean lehen hitza euskaraz izaten ahalegintzen gara. Gure artekoa indartu dezakegu, federazioak ezin du Donostiako giroa aldatu. Norbanako bakoitzak euskararen alde bere kabuz egiten badu, horrek aldaketa eragin lezake.
Euskaraldiaz gain, urtean zehar euskararen aldeko beste ekimenik antolatzen duzue?
Federazioak badu euskararekiko konpromisoa eta mezuak eta berriak zabaltzeko euskara lehenesten dugu, gure hizkuntza baita. Aurreko legealdiko kezka euskara indartzea zen, eta Euskaraldiarekin egoerari buelta bat eman nahi diogu. Ez da gure lana soilik, Donostiako beste atletismo klubena ere bada. Donostiako euskararen egoera badakigu zein den, eta federazioak, klubekin hitz egin ondoren, beste irtenbide bat pentsatuko du gure atletek Euskaraldiaren harira euskararekiko beste ikuspuntu bat izan dezaten.