Europako bigarren eskuko arroparen azokarik handiena Donostian izango da maiatzean

Vinokilo, Europako bigarren eskuko arroparen azokarik handiena, Donostian izango da hilaren 24an eta 25ean. Hain zuzen ere, Amara Plaza hotelean jarriko dute, 10:00-18:00 bitartean. Vintage arroparen nazioarteko merkatu hau Berlin, Bartzelona eta Zurich bezalako hiri handietan jarri ohi dute.
Bertara sartzea doakoa izango da, baina aurrez online erreserba bat egin beharko da, azokara joateko ordutegia aukeratuz. Hala ere, doako sarreren kopurua mugatua izango da, eta ondoren, sarrerak azokan bertan erosiz gero, 3, 5 eta 7 euroko prezioan egongo dira eskuragarri. Sarreraren prezioaren arabera, bezeroek eguneko lehen ordutegi-tarteetarako sarbide esklusiboa izango dute, edo edozein egunetan eta edozein ordutan sartu ahal izango dira ilaran itxaron gabe.
Azokan, 1950etik 2010era bitarteko gizon-emakumeen jantziak eta XXStik 3XLra bitarteko tailak aurkitu ahal izango dira, betiere giro “onean, musikarekin eta aperitibo bat hartzeko aukerarekin”, web orrian deskribatzen dutenez.
Horrez gain, Europako beste herrialde batzuetatik datozen bi tona vintage arropa baino gehiago egongo dira eskaintzan, eta kiloko salduko dira. Gainera, herritarrek dohaintzan emandako arropa kilo bakoitzeko 4 euroko deskontua jaso ahal izango dute kupoien bidez. Hala ere, antolatzaileek zehaztu dutenez, “jantziak egoera onean eta garbituta egon behar dira eraman aurretik. Eta horiek ezin dira izan moda azkarreko markak, galtzerdiak, haurren arropa edo osagarriak izan”.