«Euskaldun guztiok bateratzen gaituen elementu bakarra da euskara»
Donostiako Euskaraldiko Hamaikakoaren parte dira Laura Chamorro kazetaria (Usurbil, 1987) eta Borja Agote surflaria (Donostia, 1992); ‘ahobizi’ gisa Chamorro eta ‘belarriprest’ gisa Agote. Ekimenaren irudi izateak dakarrenaz eta euskararen erabileraz mintzatu dira.

Nola jaso zenuten Hamaikakoan parte hartzeko proposamena?
Laura Chamorro (L.C.): Oso pozik; euskararekin harremana duen zerbaitetarako deitzen didaten lehen aldia da, eta pentsatu gabe esan nien baietz. Nire haurtzaroa, gaztaroa, etapa garrantzitsu horiek, giro euskaldun batean bizi izan ditut, eta asko hunkitzen nau honek.
Borja Agote (B.A.): Sorpresa bat izan zen, baina pozik. Etxean betidanik hitz egin dugu euskaraz, eta horrelako zerbaitetarako nirekin kontatzeak ilusio handia egiten dit.
Nolakoa izan da zuen harremana euskararekin orain arte?
B.A.: Nik gero eta harreman handiagoa daukat; Bartzelonan bizi izan nintzen eta munduan zehar ere ibili naiz, eta urte asko eman nituen euskaraz hitz egin gabe. Asko galdu nuen euskaraz hitz egiteko ohitura, eta, orain, Donostiara itzuli naizela, gero eta gehiago hitz egiten saiatzen naiz. Lanean hitz egiten dut, lagun batzuekin ere bai eta, zorionez, etxean ere bai. Euskaraz hitz egiten dugunok konexio berezi bat sortzen dugu gure artean, eta polita izateaz gain, urraezina da.
L.C.: Nire euskararen erabilera asko murriztu da azken urteotan, El Diario Vasco-n egiten dudalako lan; Espainia osoko diseinatzaileekin ere harremanetan nago, eta, askotan, gehiago erabiltzen dut ingelesa, euskara baino. Baina betikoekin euskaraz hitz egiten jarraitzen dut, eta, beraz, ez duzu euskara galtzen, erritmoa baizik. Euskara ikasi nuen gaztelania baino lehenago, eta niretzat polita izan da, nolabait, aitzakia honekin lehengo bizitzara bueltatzea.
Ohitura bat ala jarrera bat da ‘ahobizi’ izatea?
L.C.: Duela hogei urte, niretzat ohitura bat zela esango nuke; orain, jarrera bat da. Orain, konturatu naiz gehiago egin beharko nukeela euskaraz, eta, horrek, jarrera aldaketa bat dakar. Ahobizi rola hartzen duen pertsona batek, orokorrean, ohitura bat duela esango nuke, euskaraz hitz egiten duelako nahi eta nahi gabe.
Zein da zuen erronkarik handiena Euskaraldian?
B.A.: Ohitura berreskuratzea. Ikasketak gaztelaniaz eta katalanez egin nituen, eta nabaritzen dut asko galdu dudala. Nire erronka, oraintxe, jarrera aldaketa bat egitea da: asko hitz egitea, asko entzutea, eta neukan maila hori berreskuratzea.
L.C.: Nik ez dut erronka zailik eduki, orain arte. Hazi naizen giro horretan euskaraz bizi banintzen, zergatik kostatuko zait orain aldaketa hori egitea? Eguneroko jarrera aldatzea da, eta ez dut euskaraz hitz egin nahi egin behar dudalako, nahi dudalako baizik.
«Jendearekin euskaraz hitz egiten hasten naizenean, saiatzen naiz elkarrizketa hori euskaraz izan dadin»
Borja Agote, Donostiako Hamaikakoko kidea, ‘belarriprest’
Hamaikakoan euskararekiko harreman desberdinak dituzuen hamaika pertsona zarete.
L.C.: Iruditzen zait oso polita dela aniztasun hori, bakoitza eremu desberdin bati dagoelako lotuta.
B.A.: Profil oso desberdinetako pertsonak gara, eta bat-batean aurkitzea kazetari batekin, abeslari batekin, kirolari batekin… eta denak kaxoi berean sartzea, nolabait… flipantea da. Talentu asko dago gure inguruan.
Euskaraldiko erronkarik nagusienetako bat da lehen hitza euskaraz egitea. Zein da zuen esperientzia horrekin?
L.C.: Niri ez zait batere kostatzen, eta bere egunerokoa euskaraz bizi duen jendeak euskaraz erantzuten du, noski. Iruditzen zait gizartean normalizatu behar dugula, eta urte askotako lana izango da gaztelaniak «heldutasun» gehiago ematen duen ideia hori kentzea, ez duelako zentzurik: zergatik hitz egiten diegu haurrei euskaraz eta helduei gaztelaniaz?
B.A.: Nik euskaraz agurtzen dut ia beti, natural ateratzen zait. Kanpoan nenbilenean, hasieran ere euskaraz agurtzen nuen, horretara nengoelako ohituta, baina gero ohitura hori galdu nuen, noski. Jendearekin euskaraz hitz egiten hasten naizenean, saiatzen naiz elkarrizketa hori euskaraz izan dadin, biongatik, nik ere hobetu nahi dudalako.
«Donostian, aurreiritzi horiek guztiak alde batera utziko bagenitu eta ez bagenu euskara talde txikietara soilik gerturatuko, normalizatuagoa egongo litzateke»
Laura Chamorro, Donostiako Hamaikakoko kidea, ‘ahobizi’
Zertan laguntzen du Euskaraldiaren gisako ekimen batek euskararen erabileran?
B.A.: Beharrezkoak dira horrelako ekimenak, batez ere, gazteek eskolan ikasten dutelako baina helduok horrelako helduleku batzuk behar ditugulako, hitz egiten jarraitzeko eta ez ahazteko euskara hor dagoela.
L.C.: Euskara fokuan jartzen du egitasmoak. Gaur egun, hainbeste zarata dagoen gizarte honetan, hizkuntzari berari buruz hitz egiten da komunikabideetan, eskoletan, merkataritza guneetan… eta hori oso garrantzitsua da.
Euskaraz hitz egiten dugunok gara, askotan, hitz egiten saiatzen direnak epaitzen ditugunak. Bat zatozte horrekin?
L.C.: Noski, eta ez dago ondo. Pertsona hori esfortzu bat egiten ari da, eta, batzuetan, ez dugu baloratzen. Giroak eta komunitateak asko laguntzen du.
B.A.: Nik ez dut pertsona horri buruz ezer txarrik pentsatzen, baina, segituan eta nahigabe, gaztelaniara jotzen dut horrelako kasuetan, eta horrek ez du laguntzen. Eta egiten dut pertsona hori deseroso senti ez dadin, baina, hala ere, gaizki egiten dudala pentsatzen dut. Agian, pertsona horrek kontrakoa nahi du: guk euskaraz egiten jarraitzea.
Zein aholku emango zeniokete ‘belarriprest’ bati?
L.C.: Lotsa alde batera uzteko eta Euskaraldia gogotsu hartzeko.
B.A.: Ikusteko filmak euskaraz, entzuteko irratia, hitz egiteko kalean, eskaintzeko denbora. Euskaraz jakitea eta euskaraz hitz egitea altxor handia da, eta hizkuntzaren parte izatea oso harro sentitzeko zerbait da.
Zein da euskararen egoera Donostian, zuen ustez?
L.C.: Euskaraldiko helburuak ez dira berak Hernanin edo Donostian, datuak, giroa eta ohiturak ere ez direlako berak. Nik uste dut Donostian, orokorrean, jendeak ez duela euskaraz hitz egiten gaztelania unibertsalagoa delako, eta hori errealitate bat da. Ez da erraza, baina gure aldetik jarri behar dugu. Gure identitatea da, eta hizkuntza da identitate bat markatzen duena.
B.A.: Ni mugitzen naizen eremuan (surfean eta kirolean), behintzat, nahiko indartsu ikusten dut. Surfaren munduan asko euskaldunak gara, kirol munduan ere bai… Agian, beste eremuetan ez hainbeste, baina nik ez dut balantzaren beste alde hori ezagutzen.
Donostian euskaraz bizi nahi badugu, zein iraultza txiki egin beharko genuke?
L.C.: Euskara normalizatu. Askotan, arazo handiena izan da ideologia zehatz batzuekin lotu dela, eta politizatu egin da. Donostian, aurreiritzi horiek guztiak alde batera utziko bagenitu eta ez bagenu euskara talde txikietara soilik gerturatuko, normalizatuagoa egongo litzateke. Euskal Herrian hizkuntza bat dago, eta denok hitz egin dezakegu. Eta hori da euskaldun guztiok bateratzen gaituen elementu bakarra.
B.A.: Benetan iraultzailea den zerbait. Euskaraz dakigunok saritzea, euskarari hauspoa ematen jarraitzeagatik. Kafetegi batean %10eko deskontua, edo %5ekoa autobusean, adibidez! Motibazioa falta da, eta horretan jarriko nuke fokua.