«Euskaraldiko hasierako irrika berpiztu nahi dugu»
Euskaraldia maiatzaren 15ean hasiko da, eta hamaika egunez ‘belarriprest’ eta ‘ahobizi’ txapak jantziko ditugu parte hartzaileok. Ekimena aurrera ateratzeko, aldiz, pertsona askok egin dute lan aurrez, eta horietako bat da Haizea Solagurenbeaskoa Alkorta (Gros, 1989). Euskaraldia sustatzeaz arduratzen da Gipuzkoan, herriz herri Euskaraldiko batzordeak harremanetan jartzen, zalantzak argitzen, zein informazio teknikoa eskaintzen.

Zein bilakaera izan du Euskaraldiak lau edizioetan zehar?
2018. urtean, Euskaraldiaren lehenengo edizioa egin zenean, proiektuak berak zituen espektatiba guztiak gainditu ziren. Ekimen berriak elkarrekin aurkeztu zituen euskararen arlo soziala eta instituzionala, eta une hartan irrika eta ilusio berezia sorrarazi zuen. Ondorengo edizioetan, ordea, makalaldia izan genuen, pandemia garaiak eragin zuzena izan baitzuen. Izan ere, Euskaraldia ariketa soziala da, eta pandemiak distantzia soziala ekarri zuen.
Hala ere, laugarren edizio honetan gure asmoa ez da datu kuantitatiboetara iristea: Euskaraldiko hasierako irrika berpiztu nahi dugu. Hamaika eguneko ariketa soziala gozamena izatea nahi dugu.
Aurten zein berrikuntza dakartza ekimenak?
Ariketa, oinarrian, berdina da: hamaika egun iraungo du, eta belarriprest zein ahobizi rolak mantenduko dira.
Kanpora begira, Euskaraldia egingo den data da aldaketarik nabarmenena. Aurreko edizioak azaroan eta abenduan egin ziren, Euskararen Eguna zela eta. Aldiz, udaberrira ekarri dugu aurten ekimena, eta ez da kasualitatea, oso kontzienteki hartutako erabakia baizik. Gure helburua ariketa soziala plazara ateratzea da, kolektiboki egiten dugun ariketa ikusgarria izan dadin. Udaberri garaian eguraldiak hobera egiten du, albo batera utz dezakegu neguko goibeltasuna, eta ekintzak espazio itxietatik kanpo egin ditzakegu.
Barne lantaldeari begira, euskararen alde egon daitezkeen profil desberdinak bilatzen saiatu gara, horiek ere Euskaraldia antolatzen lagun dezaten. Hau da, orotariko aktibisten parte hartzea bilatu dugu, horrek sendotasuna ematen baitio ekimenari. Egokia eta erraza da euskara batzordeek ekimena antolatzea, baina, uste dugu, esaterako, euskaldun berriek ere antolakuntzan parte hartu behar dutela; izan ere, euskara transbertsala da eta euskaldun berrien kasuan ere existitzen da euskararekiko harreman bat.
«Udaberri garaian, albo batera utz dezakegu neguko goibeltasuna, eta ekintzak espazio itxietatik kanpo egin ditzakegu»
Erakundeek ere Euskaraldian parte hartzeko aukera dute.
Bai. Esan bezala, ariketa kolektiboa da Euskaraldia. Norbanakoena ez ezik, eragile eta erakundeena ere bada: dantza taldeena, hedabideena, aisialdi taldeena, enpresena, administrazioarena, eta, oro har, jendartean eragina duen agente guztiena. Horiek guztiek, bakoitzak bere erara, erantzukizun handia dute euskara hauspotzerako orduan.
Batetik, erakundeek beraien neurri propioak har ditzaketelako, hau da, ohiturak aldatzeko erabaki kontzienteak har ditzaketelako; bestetik, norbanakoen bilgunerako espazio direlako. Astean bi orduz dantza taldeen kasuan, egunean zortzi orduz enpresen kasuan… nola edo hala, zutabe garrantzitsu bihurtzen dira norbanakoen bizitzan, eta, ondorioz, eragin zuzena dute hizkuntza portaeretan. Horregatik sustatu nahi dugu haien parte hartzea, eragileak euskararen alde urratsak egitera anima daitezen.
«Uste dut formula bakarrak ez duela betiko balio izango. Errealitatera egokitu behar gara»
Euskaraldia ekimen «sinbolikoa» eta eragin sozial errealik ez duena dela esaten duenik ere bada. Zer erantzungo zenieke?
Iritziak iritzi, eta orokortu gabe, Euskaraldiak indarguneak eta ahulguneak ditu, eta nik indarguneetan jartzen dut fokua. Iruditzen zait ekimenak aukerak mahaigaineratzen dituela euskara praktikan jartzeko. Erronkak plazaratzen ditu: lehen hitza euskaraz egitea, euskaraz dakienarekin euskaraz hitz egiteko hautua hartzea, erdaraz hitz egin arren euskaraz dakienarekin euskaraz egitea… Hizkuntzaren hutsuneak mahaigaineratzen ditu, eta, aldi berean, tresnak eskaintzen ditu hutsune horiek gainditzeko, modu atsegin eta kolektiboan.
Ahobizi zein belarriprest txapen laguntzarekin eta inor interpelatu gabe, ekimenak pertsonak eta erakundeak gonbidatzen ditu hizkuntza aldaketa egitera, eta, gainera, urte osoan zehar mantendu daitekeen ariketa da. Badakigu aldaketa posible dela, neurketek baitiote Euskaraldian euskararen erabilera areagotu egiten dela. Gauza horiek kontuan izanik, eta kritikak uler ditzakedan arren, ekimenaren indarguneei balioa eman behar diegula uste dut.
Funtzionatuko du Euskaraldiaren formatuak, demagun, hamar urte barru?
Galdera potoloa. Pertsonalki, uste dut formula bakarrak ez duela betiko balio izango. Errealitatera egokitu behar gara eta proposamen berriak jarri behar dira mahai gainean. Gure itxaropena da euskararen erabilerak datozen urteetan hobera egitea, eta, hala, hamar urte barru euskararen aldeko ekimenak bestelakoak izatea. Hori lortzeko egiten dut lan, gaurtik hasita.
Ez dakit Euskaraldiak izena mantenduko duen, ala zerbait desberdin bilakatuko den, baina asmoa beti izango da unean uneko errealitateari erantzuna emango dioten proposamenak mahaigaineratzea.