Heriotza onarena

LE DERNIER SOUFFLE
Zuzendaria: Costa-Gavras · Urtea: 2024 · Herrialdea: Frantzia
Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialaren pultsua eutsita aurkeztu zuen Costa-Gavras maisu greziarrak bere film hunkigarriena eta humanistena. Ibilbide luze baten azken urteak bizi dituenaren jakitun, eta beti interesatu izan zaizkion gai eta asmoekin —politikoa eta soziala— koherente, honatx eskaini digun bere azken irakaspena: heriotza onarena.
Regis Debray filosofo eta idazleak Claude Grange zainketa aringarrietako medikuarekin batera idatzitako liburu ospetsu eta homonimoaren egokitzapena da Le Dernier Souffle, eta egungo gizarteak heriotzarekin duen harremanari buruz hausnartzen du bertan. Hala, Denis Podalydes eta Kad Merad protagonista dituen proposamenak filosofo baten eta mediku baten arteko elkarrizketaz baliatzen da zainketa aringarrien mundu ezezaguna lehen planoan jartzeko.
Halako hartu-eman filosofiko betean, Augustin Masset doktorea eta Fabrice Toussaint idazle itzaltsua bizitzaz eta heriotzaz ariko dira, bere bidaia propioan. Medikua gidaria da, eta idazlea, berriz, haren bidaiaria, bere beldur eta larritasunei aurre egin beste erremediorik izango ez duena. Izan ere, proba mediko batzuk egin ostean, izua sartuko zaio gorputzean orbain bat aurkituko diotelako.
Heriotza eta gaixotasun kasu ezberdinen segida baten gisara aurkeztuta, tabuak hautsi eta, gaurkotasunezkoa izanagatik, bizitzako beste esparru batzuetan ikusezina den eta zineman ere oso maiz agertu ez den gaiari heltzen dio filmak: gaixo sendaezinen zaintza, zainketa aringarrien garrantzi eta arreta, gaixo horiei bakarrik ez daudela sentiarazteko beharra eta, noski, norberaren heriotzaren gainean erabakitzeko ahalmena. Duintasunez hiltzeko eskubideari, alegia.
Medikuntza prebentiboa, sendagarria edo paliatiboa izan daitekeela ezagutu beharko genuke denok; bakoitzaren balioa ulertu eta, noski, aitortu. Irisgarri eta unibertsala izan dadin, behar beste arreta eta baliabide eskaini. Zentzu horretan, filmak heriotzaren unean ere argirik eskaini daitekeela erakusten du, pertsonak erdigunean jarri eta, mina alboratuta, azken bidaiaren jabe izan daitezen. Izan ere, eta hauxe da filmaren ideiarik argiena, gorputzak badaki nola hil, buruak —eta sistemak!— traba egiten ez badio.