IGEa abian jarri zenetik, batez beste, asteburuetan 72 isun jarri dituzte eguneko
Donostiako Udalak joan den azaroan Arroka plazako Isuri Gutxiko Eremurako aldi baterako bulegoa itxiko du gaur, 8.384 kontsulta erantzun ondoren.

IGEaren bulegoa irekita egon den sei hilabeteotan, araudian espezializatutako herritarren arretarako lau postuetan milaka pertsonen zalantzei erantzun zaie eta beharrezko tramiteak egiteko laguntza eman zaie, bai telefonoz (%52), eta baita aurrez aurre ere (%48).
Zerbitzu hori 2024ko azaroaren 18an abian jarri zenetik egindako 8.384 kontsultetatik, nagusiak (%38) Isuri Gutxiko Eremuari buruzko galdera orokorrak izan dira (etiketak, DGT, ezarpen faseak, etab.). Ondoren, atzerriko matrikulekin lotutakoak (%12), inguruan erroldatutako pertsona edo ibilgailuekin lotutakoak (%8) edo jarduera errepikarietarako ibilgailuekin lotutakoak (%7,6).
Martxoan jaso dira kontsulta gehien (2.120 guztira, %56 telefonoz), Ordenantzaren isunak jartzeko fasearen hasierarekin batera. Izan ere, isunak jartzen hasi ziren eguna (martxoaren 14a) izan da kontsulta gehien jasotako unea, baita aurreko eta ondorengo egunak ere. Une horretatik aurrera, kontsulten kopuruak nabarmen egin du behera.
Bihartik aurrera, IGEari buruzko gai guztiak Udalinforen ohiko bulegoetan kudeatu beharko dira, eta 010 telefono zenbakia eta www.donostia.eus/ige webgunea mantenduko dira erreferente gisa.
Isunak
Hainbat hilabetez IGErako sarbideen kontrol informatiboa egin ondoren, martxoaren 14an isun proposamenak izapidetzen hasi ziren, Donostiako airearen kalitatea hobetzeko, klima aldaketa arintzeko eta isuri gutxiko eremuak arautzeko udal ordenantza ez betetzeagatik.
Ordutik hona, eguneko batez besteko isun hauek jarri dira: 23 lanegunetan eta 72 asteburuetako egunetan. Ibilgailu arau-hausleen artean, heren batek DGTn erregistratutako matrikula du, eta gainerako bi herenak atzerriko matrikula duten ibilgailuei dagozkie. Azken horietatik, %85 nazionalitate frantseseko matrikulak dira.
Arau-hauste horri dagozkion isunak larritzat jotzen dira, eta, beraz, izapidetze denbora sei hilabete artekoa da eta zenbatekoa 200 eurokoa da. Zenbateko hori %30 areagotu daiteke arau-haustea berriro gertatuz gero (arau-hauste bat baino gehiago urtebetean).
50.000 baimen eskaera inguru izapidetu dira
Joan den abenduan Isuri Gutxiko Eremura sartzeko eskaerak egiteko epea ireki zenetik, udalak ingurumen etiketarik gabeko ibilgailuak baimentzeko 1.735 eskaera kudeatu ditu —Espainiako matrikula dutenak, partikularrak eta enpresa txikienak—, Donostiako airearen kalitatea hobetzeko, klima aldaketa arintzeko eta isuri gutxiko eremuak arautzeko Udal Ordenantzan jasotako salbuespenei lotuta.
Izapidetutako eskaera gehienen arrazoiak honako hauek dira: ohiko zerbitzuak edo errepikariak ematea (%34), mugikortasun urriko Europako txartela duten pertsonak eramatea (%25,5) eta garaje bat jabetzan edo udal emakidako erregimenean edukitzea (%12,6).
Horiez gain, atzerriko matrikula duten ibilgailuen 46.106 eskaera erregistratu dira guztira hilabete horietan. Eskaeren bolumen hori eremura sartzen diren atzerriko matrikula duten ibilgailu guztiek eskaera izapidetu behar dutelako da. Horiek guztiek baimendutako DGTren etiketen baliokidea den etiketa bat izan behar dute, eta eskaera izapidetu ondoren, IGEaren lehen fase osorako baimena dute.
Enpresa handietako ibilgailuei dagokienez, 487 ibilgailuri eman zaie sarbidea.