«Lehen hitza euskaraz egitea jarrera natural bat izan beharko litzateke»
Aurtengoan ere elkarrekin antolatu dute Euskaraldia Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak. Bi entitateen artean talde motorra osatu dute, eta abuztutik, astero-astero aritu dira bilerak egiten, Euskaraldia behar bezala prestatzeko. Hiriko auzo guztietan egongo dira jarduerak hilaren 15etik 25era, eta egitasmoaren inguruan hitz egin dute Edurne Otamendi eta Amaia Zabala Euskara Zerbitzuko kideek eta Amets Ibero eta Mikel Irazusta Bagerako kideek.

Donostiako Udalak eta Bagerak elkarlanean prestatu duzue laugarren Euskaraldia. Nolakoa izan da prozesu hori?
Edurne Otamendi (E.O.): Hau urrutitik dator. Euskaraldiko edizio guztiak elkarrekin antolatu ditugu, 2018an lehendabiziko aldiz antolatu zenetik. Kasu guztietan, bi entitateen artean talde motor bat eratu dugu, eta abuztu bukaeratik, astero elkartzen gara. Hitzarmen bat dago udalaren eta Bageraren artean hau bideratzeko, eta eguneroko lanean, Bagerak badu ardura edo liberazio bat. Baina lanak, azkenean, banatu egiten ditugu; dinamizazioa edo koordinazioa Mikel Irazustak egiten du, eta erabakiak elkarrekin hartzen ditugu talde horretan.
Mikel Irazusta (M.I.): Bai. Azken finean, Donostiako kontaktu gehienak udalak ditu, eta hori Bageratik asko eskertzen dugu; izan ere, guk ezin dugu kontaktu horietara guztietara iritsi. Alderantziz ere, guk auzoak dinamizatzen ditugunez, beste alde horretara Bageratik iristen gara. Horrela elkar osatzen dugu, eta hiri osora iristea lortzen dugu.
Zeintzuk dira Euskaraldiko aurtengo erronka nagusiak zuentzat?
M.I.: Aurtengo erronka nagusia da Euskaraldia hamaika egun horietan zehar kalean ikustea, eta jendeak Euskaraldi indartsu bat ikustea. Ikusi behar da jendea aktibo eta gogotsu ari dela parte hartzen.
Eta nola sustatuko duzue hori?
E.O.: Alde batetik, kalean egoteko garrantzitsua izan da, baita ere, data aldaketa. Orain arte, neguan egin izan da Euskaraldia, eta uste dugu udaberrian izateak emango diola kale presentzia handiagoa. Horrez gain, saiatu gara egitarau bat osatzen. Aurreko prestaketa lana handia da, jendea animatu behar delako, izen ematea antolatu behar delako, txapa banaketak ere bai, komunikazioa landu, etab. Baina, bueno, aurten arreta gehiago jarri dugu hamaika egun horietan egitarau osatu samar bat egiten, edo behintzat, egunero jarduera edo ekitaldiren bat antolatzen, presentzia bermatzeko.
M.I.: Hamaika egun horietan zehar, auzo guztietan egongo dira gauzak. Horrez gain, komunikazioa zainduko dugu, eta leku horietan bideoak egin eta sareetara igoko ditugu. Horrela, auzotarrez gain, donostiar guztiek ikusi ahal izango dute Euskaraldian gertatzen ari dena.
Zein onura ekartzen dizkio Euskaraldiak hiriari?
E.O.: Batez ere, euskararen erabilera sustatzea eta lehen hitza euskaraz egitea. Erdipurdi ulertzen duenari euskaraz egiteko beldur hori kentzea, eta kalean bertan txaparen bitartez identifikatzea norekin egin dezakezun euskaraz eta norekin ez. Bestalde, belarriprestari ematen zaion papera ere oso inportantea da. Izan ere, belarriprestak ateak irekitzen dizkio euskararen erabilerari. Gonbidatu egiten du berarekin edonork euskaraz egitera, eta oso garrantzitsua iruditzen zait. Horrez gain, motibazioa eta sentsibilizazioa ere lantzen da egiten diren jarduerekin.
Amets Ibero (A.I.): Kontzientzia ariketa bat da, eta Euskaraldiko hamaika egunetan askoz gehiago ikusaraziko da, baina gero, horren ondorioa zein izango den ikusi beharko dugu. Bakoitzak bere buruarekin eta ingurukoekin ariketa hori egin beharko luke hamaika egun horietatik aurrera ere.
«Euskaraldiko gauza gehienak kalean egingo ditugu; lehen, udazkenean, barruan egiten ziren»
Euskaraldian parte hartzeko kontzientzia nahiko zabalduta al dago Donostian?
M.I.: Nik uste dut dagoeneko errotu dela, lehen ediziotik zazpi urte pasatu diren honetan. Ahobizi eta belarriprest terminoak asko erabiltzen dira; ez soilik Euskaraldian zehar, bestela ere bai. Kontua da, jendeak uste duela lehen edizioan izena emanagatik edizio guztietarako izena eman duela.
E.O.: Inportantea da azpimarratzea edizio honetan ere izena eman behar dela, nahiz eta aurrekoetan emana izan. Bestalde, nik uste dut Euskaraldiko ariketa bakarrik egin behar duzun zerbait dela, baina askok egiten dugula, eta talde izaera horrek laguntzen duela Euskaraldia bultzatzen.
Zenbat norbanakok eta entitatek eman dute izena aurten?
M.I.: Milaka norbanakok eta ehunka entitatek.
Bilakaera nolakoa izan da aurreko edizioetan?
M.I.: Jaitsiera bat egon da edizioz edizio, eta izan daiteke, baita ere, jendeak uste duelako txapa izateagatik Euskaraldian izena emana duela. Hori oso barneratuta dago gizartean. Bestetik, joan den igandean Gune Ibiltarian egon ginen Bretxan, eta nabaritzen zen giroa Euskaraldirako berotuta zegoela.
E.O.: Bai. Gainera, 2018ko datuak onak izan ziren, baina gero, pandemian sartu ginen. Bigarren edizioa pandemia bete-betean izan zen, eta hortik ateratzea badakigu zenbat kosta zitzaigun. Orduan, hau izango da berriz ere goraka joateko edizioa.
Zein motatako jarduerak prestatu dituzue Euskaraldirako?
Amaia Zabala (A.Z.): Lehendabizi, hasierako ekitaldi nagusia egingo dugu Egian, Musika Eskolarekin batera. Eta gero, denetarik egingo dugu; hitzaldiak, kontzertuak, bakarrizketak, bertso poteoak, ginkana, ikastaroak, bisita gidatuak, kantujira…
M.I.: Berritasuna da gauza gehienak kalean egingo ditugula. Lehen, udazkenean eta oso eguraldi txarrarekin, barruan egiten ziren Euskaraldiko jarduerak, eta oraingoan, kalera ekarriko ditugu.
Hamaika enbaxadore izango ditu Donostiako Euskaraldiak. Nola osatu duzue hamaikako hori?
M.I.: Talde motorraz gain, talde eragile bat ere badago, Donostiako hainbat eragile barne hartzen dituena; tartean, Irutxuloko Hitza. Hor hainbat izen proposatu genituen, eta helburua izan da jende askorengana eta normalean euskara jasotzen ez duen jendearengana ere iristea. Adibidez, Borja Agoterekin edo Laura Chamorrorekin hori lortu nahi izan genuen.
E.O.: Batez ere, aniztasuna irudikatu nahi izan genuen. Eta ez soilik beti euskararekin lotzen ditugun pertsona ezagunak aukeratu, baizik eta pixka bat urrunago daudenak, baina bere enbaxadore lana egin dezaketenak.
Zer lortu beharko luke Euskaraldiak Donostian?
E.O.: Lehen hitza edonori euskaraz egitea jarrera natural bat izatea. Hori da modu bakarra besteari erakusteko zuk euskaraz badakizula eta egin dezakezula, zeren gaztelaniaz badakigula denok dakigu. Beraz, lehen hitza euskaraz egitearen jarrera hori aldatu beharko luke Euskaraldiak. Donostian lehen hitza euskaraz askok egingo bagenu, uste dut erabileraren panorama asko aldatu daitekeela.
Donostia Euskarazek babestutako edukia