«Segurtasun komunitarioa» izango dute eztabaidagai Egian

Guztiontzako Egia auzotar sareak jardunaldi mamitsuak antolatu ditu datorren asterako, Segurtasun komunitarioa. Gure auzoak arrazakeriaz libre lelopean. Maiatzaren 16 eta 17an izango dira Egiako Mundubaten lokalean,.
Ostiralean, arratsaldeko 18:00etan abiatuko dira jardunaldiak hitzaldi eta eztabaida batekin: Migrazio politika arrazistak: kapitalismo arraziala, mugak eta auzoak. Bertan izango da Eduardo Romero, Asturiasko Cambalache kolektiboko kidea eta ekintzailea. Dozena bat liburu argitaratu ditu argitaletxe ezberdinekin: Quién invade a quién. Del colonialismo al II Plan África (2011), Un deseo apasionado de trabajo más barato y servicial. Migraciones, fronteras y capitalismo (2010), A la vuelta de la esquina. Relatos de racismo y represión (2008) y Quién invade a quién. El Plan África y la inmigración (2007). Berarekin batera izango dira Irungo Harrera Sareko kideak eta Fatima Fernandez ekintzaile antirrazista eta AHMEReko kidea.
Larunbat goizean, 9:30ean, Guztiontzako Egia auzotar sareko kideek egoeraren irakurketa zabal bat eskainiko dute: Segurtasuna aitzaki, gorakada erreakzionarioa Donostian, izenburupean. Sarrera horren ondorioz, bi egitasmo izango dira solasean. Lehenik, Manresako (Herrialde Katalanak), Xarxa d’estructures comunitaries i populars de Manresa kolektiboko kideak izango dira, haien proposamen eta irakurketa politikoa aurkeztuz. Urteak dira antzeko eztabaidekin ibili direnak, eta 2022an, Miradas alternativas sobre seguridad izeneko dokumentua sareratu zuten.
Haiekin batera izango dira Gasteiz Anitza sortu berria den kolektiboko kideak, Judimendin eta Gasteizko beste auzo batzuetan piztutako gatazkei egindako interbentzio komunitarioen inguruan sortutako protokoloa aurkezteko.
Azkenik, 12:00etan, mahai inguru eta eztabaida izango da Donostiako eragile ezberdinen artean “elkarlaguntza” antolatzeko estrategien inguruan, bai polizia indarkeriari aurre egiteko, eta baita oinarrizko behar materialak lortzeko antolakuntzaren inguruan ere.
Iaz sortu zen Guztiontzako Egia kolektiboa, auzoan arrazakeriaren eta polizia indarkeriaren gorakadarekin arduratuta. Segurtasuna erdigunean izan duten eztabaida ugari izan dira hirian, eta, eskuin muturrak horiek baliatu izan ditu gorroto mezuak zabaltzeko. Gatazkaren gorena izan zen Lo Que No Te Cuentan De Donosti talde erreakzionarioaren sorrera eta Donostiako Udalak Egiako afari solidarioak banatzeko ezarritako debekua, besteak beste.