1.300 lagunek baino gehiagok hartu dute parte DBD martxa zikloturistan

Donostia-Baiona-Donostia (DBD) martxa zikloturista egin zuten larunbatean, eta jardunaldiarekin pozik agertu da Bera Bera klub antolatzailea: “Zikloturismoko beste jardunaldi zoragarri bat”.
Hain zuzen ere, nabarmendu dute 1.300 lagunek baino gehiagok hartu dutela parte 23. DBD honetan eta, urteroko legez, Jaizkibeletik, Urruñatik, Ibarrondik eta San Inazioko lepotik pasatu ziren txirrindulariak, Grosen hasita eta bukatuta. Bi ibilbide zituzten aukeran parte hartzaileak, 80 kilometro inguruko laburra eta 120 kilometro inguruko luzea, bietan Jaizkibel mendia joanekoan zein itzulerakoan igota eta jaitsita.
Aurten, Ainhoa Ostolaza eta Igor Gonzalez de Galdeano txirrindulari ohiak izan dira omenduak, eta martxa osatu zuten beraiek ere. Martxaren antolatzaileek “esker ona” adierazi diete “erakundeei, babesleei, laguntzaileei eta, batez ere, boluntarioei”. IRUTXULOKO HITZA da DBDko erakunde kolaboratzaileetako bat.