Alberto Iglesias eta Esther Garciaren arteko solasaldiak itxiko du 'Zinemagileen arteko elkarrizketak' zikloa'
Ekainaren 17ko saio horren aurretik, beste bi aurrera eramango dituzte ostegunean, hilak 15, eta hilaren 29an.

Esther Garcia ekoizleak eta Alberto Iglesias konpositoreak amaituko dute Zinemagileen arteko elkarrizketak topaketaren laugarren denboraldia. Ekainaren 17an, aurrez aurre eserita, Pedro Almodovar zinemagilearen El Deseo ekoiztetxearen bidez izandako harreman “luze eta emankorrari” buruz hitz egingo dute. Izan ere, Almodovarrek zuzendutako dozena bat filmetan bat egin dute, hala nola, Todo sobre mi madre, Hable con ella, Dolor y gloria eta La habitación de al lado. Iglesiaresk bere hamabigarren Goya saria eskuratu zuen azken film horretako musikagatik, eta Garciak, berriz, Almodovarren proiektu guztietan parte hartu du eta ehun bat film ekoitzi ditu 1986ko Matador filmaz geroztik.
Horren aurretik, ordea, beste bi saio aurrera eramango dituzte maiatzean. Lehena, ostegun honetan bertan. Pedro Martin-Calero zinemagilea eta Jose Tirado arte zuzendaria El llanto / The Wailingen –iaz zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra ex aequo irabazi zuen– obran elkarrekin egindako lanari buruz mintzatuko dira.
Zinemagile hasiberriak eta beste diziplina batzuk saioan, berriz, Marta Nieto aktoreak Anton Alvarez, C. Tangana, musikariarekin hitz egingo du. Lehenak, La mitad de Ana filmarekin egin zuen debuta zuzendari gisa, bigarrenak, berriz, La guitarra flamenca de Yerai Cortés lanarekin, Kutxabank-New Directors epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuena. Hilaren 29an elkartuko dira.
Azken elkarrizketetara joateko izen ematea jada itxita dago, baina oraindik ere sarrera gutxi batzuk badaude eta iritsieraren hurrenkeraren arabera banatuko dituzte. Saioak Koldo Mitxelena Kulturuneak Santa Teresa komentuan duen egoitzan aurrera eramango dituzte, 19:00etan. Ez dituzte streaming bidez ematen, baina denboraldi amaieran bai Koldo Mitxelenaren bai Zinemaldiaren webguneetan eskuragarri egongo dira grabazioak.
Zinemagileen arteko elkarrizketak Koldo Mitxelena Kulturuneak, Zinemaldiaren Z365 urte osoko arloak eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatzen duen zikloa da. Proposamenaren filosofia zinemagilearen begirada berezia deszentralizatu, eta proiektu baten garapena osatzen duten lanbideak ezagutaraztea denez, zinemagilearen eta kolaboratzailearen arteko elkarrizketa gisa planteatzen da.
Urtarriletik egin diren saioetan hauen arteko elkarrizketak egin dira: Maria Elorza eta Marian Fernandez; Helena Taberna eta Isaac Rosa; Paula Ortiz eta Javier Garcia Arredondo; Celia Rico eta Maria Vazquez; eta Javier Giner eta Oriol Pla.