Boga Boga festibalak Miramar jauregiko lorategiak hartuko ditu, hirugarrenez

Irailaren 12tik 14ra bitartean egingo dute hirugarren Boga Boga Festibala. Berritasun ugari izango ditu. Esaterako, lehen bi egunetako kontzertuak Miramar jauregiko lorategietan izango dira, eta hiru agertokitan. Bi kanpoan, jauregiaren alde banatan, eta beste bat barruan, ezkutuan. Musikalki, berriz, soula, rocka, hip hopa, musika elektronikoa, pop garaikidea nabarmenduko dituzte. Sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke.
León Benavente izango da irailaren 12ko talde nagusia. Donostiara etorriko dira Nueva sinfonía sobre el caos lan berria aurkeztera. Egun berean parte hartuko dute Jacques, Deadletter, Azuleja, Le Parody eta Saguxar talde zein bakarlariek.
Aldiz, Gotts Street Park hirukoa izango da irailaren 13ko protagonista. 50 milioi entzunaldi baino gehiago lortu dituzte Tell Me Why eta Got to Be Good abestiekin. Soularen, hip hoparen eta ekoizpen analogikoaren arteko haien nahasketak harrera oso ona izan du. Bestalde, talde eta bakarlari hauek ere joko dute: Christian Löffler, Brooke Combe, Kokoshca, Ke Lepo & Félix Buff eta Eneritz Furyak.
Easo plaza
Hiru eguneko jaialdia borobiltzeko, musikaz gozatzeko beste gune bat prestatu dute. Easo plazan doako kontzertuak antolatu dituzte irailaren 14rako. Tatxers, Kiliki, Naxker, Putas Amak eta Aimarz zuzenean ariko dira. Baita Henge britainiarrak ere, mozorrotuta. Espazio horretan jarriko da Mercadabadillo azoka ere. Laster iragarriko dute Easo plazako egitarau osoa.