Ia 3.000 lagunek batu dituzte indarrak minbiziaren aurkako lasterketan eta martxan

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak Donostiako kaleak elkartasunez bete zituen atzo minbiziaren aurkako lasterketaren eta martxaren 11. edizioan. Guztira, 2.994 pertsonak hartu zuten parte ekimen solidarioan. Kamiseta berdeak soinean, beste behin ere, parte hartzaileen errekorra hautsi zuten. Ekitaldi horretan bildutako diru guztia elkarteak pazienteei zein senideei doako arreta eta zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko erabiliko dute. IRUTXULOKO HITZA lasterketaren babesleetako bat da.
Bost kilometroko lasterketak 2.032 parte hartzaile izan zituen. Lasterketako ohiko parte hartzaileentzat erreserbatutako proba 10:00etan hasi zen Alderdi Ederren, eta toki berean amaitu zen. Esku bizikleta modalitatean lehengo sailkatua Asier Navaridas izan zen. Gizonezkoen kategoriako lehenengo sailkatuak Aitor Etxeberria (16:35), Jokin Bellido (17:03) eta Iker Manso (17:37) izan ziren. Emakumeen kategorian, Maite Arraizak 19:23an lortu zuen denborarik onena, eta atzetik Eguzkiñe Zabaleta (19:59) eta Olatz Zabala (21:28) iritsi ziren. Helmugara iritsi zen lehen bazkidea gizonezkoetan Peio Azkoaga izan zen (18:24), eta lehen bazkidea emakumezkoetan, Jaione Betelu (26:12).
Aurten, 23 urtetik beherakoen kategorian, lehen sailkatuak Iñigo Arellano (19:54) eta Nahia Sorazabal (23:32) izan ziren.
Berrikuntza gisa, izen ematea taldeka ere egin zitekeen lasterketan. Horregatik, Onkologikoko langile taldea saritu nahi izan zuten, parte hartzaile gehien bildu zituena izan zelako. Gauza bera egin zen Plaiaundi, Aldapeta eta Axular ikastetxeekin, lasterketan taldeka parte hartzeagatik.
Ipar martxa eta martxa
Lasterketaren ondoren, aurreko urteko gisan, ipar martxa eta oinezko martxa egin zituzten 962 parte hartzailek. 11:30ean hasi zen Alderdi Ederren, eta leku berean amaitu zuten, hiru kilometroko ibilbidea egin ostean. Eneko Goia Donostiako alkateak, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, udal gobernuko kideek eta alderdi politiko desberdineko ordezkariek ere hartu zuten parte.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko Kontseilu Betearazleko zenbait kide ere egon ziren bertan, hala nola elkarteko presidente Marisa Arriola, Pedro Esnaola, Ander Urrutikoetxea eta Julia Salaberria, besteak beste.






































