Noa & The Hell Drinkers taldeak 'Broken Fingers' bira abiatuko du larunbatean Intxaurrondon

Noa & The Hell Drinkers blues-rock talde donostiarrak festa handi bat prestatu du larunbat honetarako (hilak 17) Intxaurrondo Kultur Etxean (21:00). Hain zuzen ere, Broken Fingers bira abiatuko dute egun horretan, eta, irekiera gisa, emanaldi berezia prestatu dute.
Boskoteaz gain, beste hainbat artista gonbidatu igoko dira oholtzara kontzertuan zehar, eta prestatzen ari diren disko berriko zenbait abesti joko dituzte, lehenengo aldiz zuzenean. Bestalde, The Donkey Riders blues hirukoteak —Iker Piris, Jon Aira eta Marti Elias— irekiko du gaua.
Ia hamar urte
Noa & The Hell Drinkersek ia hamarkada bateko ibilbidea egin du dagoeneko, 2016an jaio baitzen. Urteotan, hiru disko argitaratu dituzte: Noa Voll Damn & The Hell Drinkers (2018), Craft Blues (2019) eta Hell’s The New Heaven (2023).
Noa Egiguren Arretxea donostiarra da taldearen sortzailea, burua eta abeslaria, eta, gaur egun, Paul San Martin Beldarrain pianista donostiarra, Manu Gestido Martinez baxu jotzaile pasaitarra, Gonzalo Portugal Alvarez gitarrista bilbotarra eta Ibai Ros bateria jotzaile nafarra ditu bidelagun. 2023an, European Blues Challenge Europako blues txapelketa irabazi zuten. Txapelketarako hautatuak izan ostean, hedabide honek luze eta zabal hitz egin zuen taldearekin.