Uliako auzo elkartea bere 50. urteurrena ospatzen hasiko da
Uliako auzo elkarteak 50 urte beteko ditu aurten, eta askotariko jarduerak antolatu dituzte urte amaierara bitarte.

Azaroan mende erdia beteko du Ulia Auzo Elkarteak, eta urteurrenaren zein horren inguruko ospakizunen berri emateko prentsaurrekoa eskaini dute astelehen goizean Okendo Kultur Etxean. Nabarmendu dutenez, Donostiako lehenengo auzo elkarteetako bat izan zen Uliakoa, “udalean erregistratutako lehena”. 1975ean jaio zen auzo elkartea, “Donostiako Udalak auzoko ia etxe guztiak bota nahi zituenean”.
Azaldu dutenez, 50 urteotan, askotariko lorpenak eskuratu dituzte, bizilagunen antolakuntzari esker, hala nola, “1972ko Uliako plan partziala geldiaraztea, Uliako magaleko etxe guztiak botatzea aurreikusten zuena, Saguestik Mirakruz gainaraino”. Beste lorpen batzuen artean, Uliako mintegietako parkea eta Uliako lurzoru urbanoaren delimitazioa ere aipatu dituzte. 50 urteren ostean, auzoa egiten jarraitzeko gogotsu agertu dira bizilagunak.
Jarduera ugari
Askotariko kultur eta aisialdi jarduera antolatu dituzte urteotan, eta 50. urteurrenaren bueltan antolatu dituztenen berri eman dute gaurkoan. Epe motzera begira, esku pilota txapelketa daukate, maiatzean eta ekainean egingo dutena 28. urtez, Ategorrietako, Manteoko eta Saguesko frontoietan.
Denbora tarte berean, haurrentzako plastika eta literatura lehiaketa garatuko dute: lehen hezkuntzako bosgarren mailatik DBHko bigarren mailarainoko haurrek hartu ahal izango dute parte, eta lanak Okendo Kultur Etxean edo auzo elkartearen egoitzan (Ategorrieta, 6-7) aurkeztu beharko dituzte; hiru sari emango dituzte. Eta logo lehiaketa ere antolatu dute maiatzerako eta ekainerako, adin guztietako herritarrentzat.
Bestalde, ekainean, Basque Culinary Centerren Manteoko GOe eraikineko lanak geldiarazteko prozesu judizialaren inguruko hitzaldia antolatu dute (hilak 11); irailean, Uliari buruzko argitalpenen inguruko mahai ingurua antolatu dute eta, urriaren 15ean, Xabier Peñalberten eta Lourdes Herraztiren hitzaldia egingo dute.
Horrez gain, argazki erakusketa bat jarriko dute ikusgai irailetik urrira Okendo Kultur Etxean, eta, horretarako, uliatarrei eskatu diete auzoko argazki zaharrak helarazteko. Era berean, nabarmendu dute urteroko jarduerekin aurrera jarraituko dutela: San Joan sua ekainean, Groseko Zipotz jaiekin elkarlana uztailean, eta abar.