Urrearen inguruko mundu mailako konferentzia bat egiten ari dira Kursaalen

Gold 2025 urreari buruzko Munduko Konferentzia ari dira egiten Kursaalen, hilaren 11tik 14ra bitarte. Donostiako CIC biomaGUNE eta Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa zentroek antolatuta, Luis Liz Marzan eta Javier Aizpurua Ikerbasque irakasleek gidatutako konferentzia honek urrezko zientziaren eta teknologiaren arlo ezberdinak izango dituzte hizpide, 350 parte hartzaile baino gehiago bilduko dituen ekitaldian.
Urrea izan da antzinatik arreta gehien jaso duen funtsezko elementu kimikoetako bat, eta, gaur egun, goi teknologiako materialen funtsezko osagaia da. Gainera, hainbat arlotan ikerketa sakonak egin dituzte horren inguruan. Gold 2025 kongresuak nazioartean izen handia duten adituak erakartzea lortu du, eta aditu horiek beren emaitza zientifikoak ezagutaraziko dituzte, eta hainbat arlotako alderdi nabarmenenei eta lorpen berrienei buruzko eztabaida zuzenduko dute.
Konferentzian, bereziki azpimarratuko dira interes teknologikoko egungo hainbat arlorekin lotuta dauden kimika eta fisika: katalisia, aplikazio biomedikoak (diagnostikoa eta terapia), nanopartikulen sintesia eta karakterizazioa, plasmonika, optika eta fotonika, elektronika, organometalika, metal preziatuen arazketa eta birziklatzea, ingurumeneko aplikazioak, energiaren ekoizpena eta bihurketa, adimen artifiziala, etab.