Bai Euskarari Ziurtagiriak bere 25. urteurrenarena ospatuko du San Telmo museoan
Ekainaren 18an aurrera eramango dute, eta museoarekin elkarlanean banatuko duten Bai Euskarari Laguna saria nori eman erabakitzeko proposamenak biltzen ari dira.

Bai Euskarari Ziurtagiriak mende laurdena osatuko du aurten, eta mugarri hori ospatzeko Bai Euskarari Sariak ekitaldi berezia aurrera eramango du San Telmo museoan ekainaren 18an, 19:00etan. Bertan, ziurtagiriaren, komunitatearen eta elkartearen historia, ibilbidea eta ekarpena balioetsiko dute eta sariak banatuko dituzte. Azken urteotan moduan, Bai Euskarari komunitateko hiru entitate aitortuko dituzte, eta horiez gain, Bai Euskarari Laguna saria berreskuratuko dute San Telmorekin lankidetzan. Bai Euskarari komunitateko kideek eta edozein herritarrek proposa ditzakete hautagaiak.
Duela 25 urte, Kontseiluaren ekimenez, Donostian bertan egin zen lehenengo Bai Euskarari Ziurtagiriaren banaketa ekitaldia. Orduan, arlo sozioekonomikoko 231 entitatek konpromiso ausarta hartu zuten. Egun, ehunka dira Bai Euskarari komunitatea osatzen dutenak, eta horiei esker, espazio berriak irabazi dira euskararentzat.
2007an Bai Euskarari Elkartea sortu zenetik, ziurtagiria kudeatzeaz gain, hainbat proiektu eragingarri jarri ditu martxan elkarteak: Enpresarean, enpresa eta profesionalen sarea; Lansarean, euskara hutsezko lan-ataria; Lazarraga Sariak; edo Euskaragileak, euskararen aldeko enpresen batzordea, besteak beste. Gainera, Bai Euskarari Elkarteak akuilu lana ere egin du, beste eragile batzuek ere euskararen aldeko ekimenak abia ditzaten. Urteurrena ibilbidea ospatzeko ez ezik, aurrera begirako konpromisoari indarra emateko ere baliatu nahi dute.