«Buruz indartsuagoa naiz orain, eta horri esker hobeto lehiatzen naiz»
Cepas munduko zerrendako lehen postuan jarri da, azkenaldian lortutako garaipenei eta puntuazio sisteman izandako aldaketari esker. «Hilabete batzuetan» postu horri eutsi nahi dio, eta baikor da. «Oso garai onean nago, eta hobetzeko tarte handia daukat».
Eslovenian dago Ander Cepas Zapiko mahai tenis egokituko jokalaria (Donostia, 2004). Nabari da gustura dagoela, eta gozatzen ari dela munduko zerrendako lehen postuan jartzea lortu duelako.
Pozik egongo zara, ezta? Espero zenuen urrats hori egitea?
Oso pozik nago. Urte hauetan egindako lan guztia etorri zait burura, egindako bidea. Aukerak banituen lehen postuan jartzeko, Paralinpiar Jokoen ondoren aldatu egin baitzuten txapelketetan puntuak emateko modua. Lehen, puntuak irabazten edo galtzen zenituen, segun eta zer aurkariren aurka jokatzen zenuen. Adibidez, zerrendan zu baino gorago zegoen tenislari bati irabaziz gero, puntu asko irabazten zenituen; galduz gero, berriz, oso gutxi galtzen zenituen. Kontrakoa gertatzen zen, berriz, zerrendan zu baino atzerago zegoen jokalari baten kontra jokatuz gero. Orain, berriz, puntuak banatzen dira txapelketan iristen zaren kanporaketaren arabera; hau da, ez da kontuan hartzen noren aurka jokatzen duzun. Gainera, zerrendan lehen postuan zegoen tenislariak apenas jokatuko duen txapelketarik Olinpiar Jokoen ostean. Hala, aldea murriztuz joan da. Duela hiruzpalau aste, aldea bost punturena baino ez zen, eta Brasilen zegoen txapelketa batera joatea erabaki genuen. Irabazteko moduko txapelketa zen, eta hala egin nuen. Horri esker nago lehen postuan.
Postu horri denbora luzez eusteko moduan ikusten duzu zeure burua?
Horretan saiatu gara. Orain Eslovenian nago, txapelketa bat jokatzen. Laurens Devosek —lehen tokian zegoen jokalariak— ez du parte hartuko, eta aldea handitzeko aukera izango dut. Ea lortzen dudan eta hilabete pare bat egiten ditudan lehen postuan. Dena den, errespetu handia diot Laurensi. 2016tik, jokatu dituen partida guztiak irabazi ditu, eta azken hiru Paralinpiar Jokoetan hura izan da txapelduna. Gainera, nik dudan desgaitasun bera dauka, eta txikitatik erreferente bat izan da niretzat. Haren aurretik egotea izugarria da. Oso harreman ona dugu. Bestalde, lehen hamar postuetan dauden beste tenislariak ere goi mailakoak dira. Alde txikia dago gure artean, eta edozer gerta daiteke. Ez da samurra izango.
Devovesekin harreman handia duzula esan duzu. Hitz egin duzu harekin lehen postuan jarri zinenetik?
Bai. Berehala idatzi zidan. Zoriondu egin ninduen, eta esan zidan indartsuago itzuli beharko duela ni garaitzeko. Esango nuke laster bueltatuko dela.
20 urte besterik ez duzu. Aurreko urtean brontzezko domina irabazi zenuen Parisko Paralinpiar Jokoetan, eta orain lehen postuan zaude munduko zerrendan. Gainera, nazioarteko txapelketetan 33 domina dituzu irabaziak. Zein izan da hori guztia lortzeko gakoa, hain gazte izanda?
Ziurrenik ez dut beste tenislari batzuek duten talenturik, baina oso langilea naiz. Lan egitea gakoetako bat da; bestea, berriz, nigan gero eta gehiago sinestea. Psikologikoki aurrerapauso bat eman dut. Lan handia egin dut buruz indartsuago izateko, eta horrek asko lagundu dit lortu dudana lortzeko. Esan bezala, denek oso ondo jokatzen dugu, eta aldea psikologikoki indartsu egotea da, egoera bakoitza ondo kudeatzen jakitea, ona edo txarra izan. Arlo horretan hobetzen segitu nahi dut, eta nigan gehiago sinesten jarraitu.
Elkarrizketa hau Berria-tik ekarri dugu, CC lizentziei esker; osorik irakurri nahi izanez gero, hemen duzu.