Donostiarrak ez du sailkapen zuzena edukiko emakumezkoen Kontxako Banderan aurrerantzean
Euskotren ligan sailkapen onena lortzen duen Donostiako taldea izango hiriko ordezkaria emakumezkoen Kontxako Banderan, beraz, baldintza beretan lehiatuko dira Donostia Arraun Lagunak eta Donostiarra.

Emakumezkoen Kontxako Banderako araudia aldatu du Donostiako Udaleko Festak Sailak, eta aurrerantzean, Euskotren ligan sailkapen onena lortzen duen klub donostiarra izango da hiriko ordezkaria Kontxako Banderan.
Orain arte, gizonezkoetan gertatzen den moduan, Donostiarra klubak ziurtatuta zuen plaza Kontxako Banderako bi igandeetan, sailkatze estropadan lehiatu behar izan gabe eta, Donostia Arraun Lagunak gainontzeko klub guztiekin batera lehiatu behar zen sailkatze estropadan. Aurrerantzean, aldiz, ligan postu onena eskuratzen duenak izango du plaza ziurtatuta, eta besteak sailkatze estropadaren bidez eskuratu beharko du.
Hala azaldu dute Kultura zinegotzi Jon Insaustik eta Berdintasun zinegotzi Ane Oiarbidek astearte goizean, udaletxean eskainitako prentsaurrekoan. Zehazki, honakoa da araudiaren aldaketa: banku finkoko ligaren batetan emakumezkoen traineru donostiar bat baino gehiago lehiatzen egongo balitz, irailaren lehen bi igandeetako estropadetan zuzenean parte hartuko du hiriko ordezkari moduan maila goreneko ligan sailkapen onena duen klubak, baldin eta bi traineruak lehiaketa berean parte hartzen badute edo baldin eta, bi traineruek liga ezberdinetan parte hartuko balute, maila gorenean lehiatzen duen kluba izango litzateke.
Gogoratu behar da Donostia Arraun Lagunak-ek hainbat liga eta hiru Kontxako Bandera irabazi dituela azken urteotan, maila oso altua erakutsiz. Martuteneko klubak 2021ean irabazi zuen Donostiako lehiaketa handia lehen aldiz, eta 71 urte luzeren ondoren bandera etxean geratzea lortu zuten; aurretik, 1950ean Esperanza elkartea izan zen Kontxa irabazi zuen azken ontzi donostiarra.
“Hausnarketa sakona”
Insaustik aitortu du aipaturiko egoerak “tentsio uneak” sortu izan dituela “bi aldeen, udalaren eta Donostia Kultura Festak-en artean”: “Behin mahai gainean zeuden hainbat faktore aztertuta, emakumezkoen trainerua duten bi klubekin hitz eginda eta egoerari aurre egiteko modu egokienari buruz hausnarketa sakona eginda hartu dugu araudia aldatzeko erabakia”. “Hartutako erabakiak bi klubak berdintasun egoeran utziko ditu. Gogoratu behar da bi klubek udalaren babesa jasotzen dutela, eta biek Kontxako Banderaren bi igandeetan hiriari kolorea eta giro ona ematen dioten jarraitzaile oinarri sendoa dutela”, gehitu du zinegotzi jeltzaleak.
Ildo beretik jo du Oiarbidek: “Uste dugu neurria bidezkoa dela, etorkizunean sor litezkeen eztabaidei amaiera ematen dielako eta bereziki garrantzitsua den gaian zentratzeko aukera ematen digulako: Donostian emakumeen parte hartzea kirol arloan oso handia da, eta horri esker, arraunean ere, emakume kirolari handiak daude. Beraz, erabakia garrantzitsua da, emakume horiei berdintasunean parte hartzeko aukera ematen zaielako”.
Udaleko ordezkariek gogorarazi dute 2008an Kaiarriba Donostiarra “klub bateratua” sortu zen arte, “hiriko ordezkaria nor zen erabakitzeko sailkapen estropada bat” egiten zela Aste Nagusian. “Emakumezkoen Kontxako Banderan aldiz, proiektu bateratuak ez du trainerurik izan 2017. urtea arte. Orduko araudiak Donostiako tripulazio bati buruzko aipamena egiten zuen, eta urte hartan proiektu bateratua izatera pasatu zen, hirian bi emakumezkoen traineru zeudela ikusita. Eta araudiaren atal hau da aldatzea erabaki dena, emakumezkoen Kontxako Banderaren hiriko ordezkaritza erabakitzeko baldintza berriak jasotzeko”, gehitu dute.