'Logelan logale', Euskadiko Orkestraren lehen haur kantata, estreinatu dute Kursaalen
Euskal Herriko 22 ikastetxetako haurrak izan dira ikuskizuna ikusten, eta bihar ere horretarako aukera izango da, 12:00etan.

Urtebete baino gehiagoko lanaren ondoren, Euskadiko Orkestrak bere lehen haur kantata estreinatu du gaur euskaraz, Musika Gela zikloko Eskola Kontzertuen baitan. Logelan logale Kursaalen ikusi ahal izan dute gaur Euskal Herriko 22 ikastetxetako haurrek, eta bihar ere horretarako aukera izango da, 12:00etan. Maiatzaren 15ean, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan aurkeztuko dute kantata.
Leire Bilbaoren libretoarekin eta Jagoba Astiazaranen jatorrizko musikarekin, Euskadiko Orkestrarekin batera, Logelan logalen 1.000 haurrez osatutako abesbatza handi bat aritu da. Abesbatzak, alde batetik, lau abesbatza pilotu izan ditu (Easo Gazte, Andoaingo Udal Musika Eskolako Abesbatza, Hernaniko Udal Musika Eskolako Abesbatza eta Pasaia Txiki Abesbatza) eta, bestetik, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 22 ikastetxetako ikasle talde. Horiek guztiek Eva Ugalderen abesbatza koordinazioa eta zuzendaritza izan dute, eta ikastetxe parte hartzaileetako irakasleek eta Amaia Zipitria piano joleak osatu dute formakuntza lantaldea.
Logelan logalek, gainera, Maria Goirizelaiak diseinatutako proposamen eszeniko bat du. Juanjo Oconek zuzendu du orkestra eta Kepa Errasti abeslari eta aktorea izan da protagonista ipuinaren narratiban, protagonistak lorik egin ezin duen gau fantasiatsu batean gertatzen dena.
Obraren sinopsia
Non dago errealitatea eta ametsaren arteko muga? Zer denbora eta pisu hartzen dute ametsek gure egunerokoan? Lo gaudenean eta esna gaudenean egiten ditugun ametsak leku berera doaz?
Protagonista bere ohean sartzen da eta saiatzen den arren ezin da lokartu. Egunari errepasoa egiten dio eta nekatuegi sentitzen da bere gorputza eta burua loari emateko.
Eta hala ere, muga hori zeharkatu nahian dabilen ordu txiki horietan norbait edo zerbait aurkituko du. Zer ote da? Zein ote da? Ez ote da bere burua izango?
Doinu eta kantu ezberdinen bidez kontatu eta kantatuko dugu, gutako bakoitzak ohera joaten den unetik eta esnatu arteko istorioa. Loa eta ametsaren fantasiari, bakoitzak bere doinua jartzeko, lo gaudenean ere abenturak bizi ditugulako.