Zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote Bidebietako kiroldegiko erasotzaileari
13 urteko mutilari sexu erasoa egin izana onartu du erasotzaileak, eta aringarria ezarri diote.

Bidebieta auzoko kiroldegian 13 urteko mutil bati sexu erasoa egin zion gizonari zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote, gaur goizean Gipuzkoako Auzitegian egin den aurretiazko saioan. Fiskaltzak 14 urte eta hamar hilabeteko kartzela-zigorra eskatzen zuen, baina gaurko saioan akusatuari aringarriak aplikatzea onartu du egindakoa aitortu eta eragindako minagatik ezarritako 15.000 euroko kalte-ordaina ordaindu duelako. Adin txikikoaren familia ordezkatzen duen herri akusazioa konforme geratu da aldeek lortu duten akordioarekin.
Kartzela zigorra amaitutakoan zaintzapeko askatasuna izango du nazionalitate frantsesa duen gizonak beste zortzi urtez, ezingo da biktimarengana hurbildu ezta berarekin harremanetan jarri ere, eta ezingo du hamar urtez adin txikikoekin lan egin.
Ministerio Publikoaren akusazio idazkiaren arabera, gertakariak 2024ko apirilaren 16an gertatu ziren. 62 urteko erasotzaileak biktimarekin bat egin zuen kiroldegiko dutxetan, eta, han, deseroso sentiarazi zuen mutikoa, begiratu zion moduagatik, eta, jarraian, aldageletan, sexu-erasoa egin zion, mehatxatu eta beldurtu egin zuen.
Gertakarien berri izan orduko, Ertzaintzak ikerketa abiarazi zuen. Egun batzuk geroago, ustezko erasotzailea atxilotu zuen, baina atxiloketaren unean iskin egin zien agenteei, eta autoan ihes egiten saiatu zen. Atxilotua agintaritza judizialaren esku utzi zuten, eta hark behin-behineko espetxeratzea agindu zuen, epaiketaren zain.