1.210 plaza eskainiko dituzte udako Kirol Ekintzetako ikastaroetarako
Izen emateak maiatzaren 19tik aurrera egin ahal izango dira

Kirol Ekintzak 2024-25 kanpainako ikastaroak ekainaren erdialdean amaituko direnez, Donostia Kirolak kirol ikastaroen eskaintza bat diseinatu du ekainaren 16tik aurrera hasiko dena, etenik egon ez dadin.
Guztira, 1.210 plaza eskainiko dira hiriko udal kiroldegietan programatu diren 81 ikastaroetan, honako jarduera hauekin: indoor zikloa, mantentze-gimnasia, 65 plus, uretako gimnasia, GAP, yoga, circuit training, igeriketa, pilates, latinzumba, padel, cross training, TRX, total body eta total training.
Ikastaroak hiru hilabetekoak izango dira: ekaina, uztaila eta iraila. Abuztuan ez da saiorik egongo, hilabete horretan biltzen baitira mantentze-lanen urteko itxierak.
Ikastaro horietarako izen-emateak online egin ahal izango dira maiatzaren 19tik aurrera, ahal dela Donostia Kirolaren webgunetik, baina Donostia Kirolaren bulegoetan eta udal kiroldegietan ere egin ahal izango dira. Ikastaro guztien informazio zehatza donostiakirola.eus webgunean kontsulta daiteke.
Ikastaroen eskaintza horrez gain, udan Aukeran programa mantenduko da, eskainitako ikastaro bakoitzaren saio solteetan izena emateko aukera ematen duena.