Anoetako kontzertuaren ordutegien berri eman du Fermin Muguruzak
Ekainaren 14an izango da kontzertua, eta 17:00etatik aurrera musika emanaldiak eta beste izango dira futbol zelaian.

Hilabete bat falta da Fermin Muguruzak Anoeta futbol zelaian emango duen kontzertu historikorako. Irungo musikaria 40 urteko ibilbidea ospatzen ari da mundu bira arrakastatsu baten bidez, eta Donostiakoa ere ahaztezina izatea nahi du. Gaur, ekainaren 14ko egun seinalatuko ordutegiak iragarri ditu bideo baten bidez.
17:00etan izango da ate irekiera, eta Stepi Selektah taldeak girotuko du zelaia. 18:00etan, Niña Coyote eta Chico Tornado bikotea ariko da zuzenean, eta bukatzean, 18:55 inguruan, Palestinaren aldeko argazkia egingo dute. Jarraian, DAM (Hip hop Palestine) taldeak eskainiko du emanaldia, 19:00etan. Punk rock doinuen txanda izango da ondoren, Des-kontrol bandarekin, 20:00etan. Azkenik, Fermin Muguruzaren kontzertua 21:00etan hasiko da. Hamar musikari eta hainbat kolaboratzaile izango ditu. Esaterako, Negu Gorriak taldeko partaide zirenak, Mikel Txopeitia, Mikel Kazalis eta Kaki Arkarazo.
Paris, Bordele, Tolosa, Marseilla, Zurich, Londres, Dublin, Santiago de Chile, Buenos Aires, Montevideo, Bogota, Mexiko Hiria eta Erroma hirietan dena saldu ondoren, Donostian ere gauza bera lortzea du helburu. Izan ere, sarrerak oraindik salgai daude helbide honetan.