Club Vasco de Campingek bere 75 urteak ospatuko ditu Ulian
Bazkideei eta bazkide ez direnei zabalik dagoen ekitaldia larunbatean aurrera eramango dute; izena ematea beharrezkoa da.

1950ean eratua, 4.000 bat bazkide ditu Club Vasco de Campingek eta jarduerak antolatzen jarraitzen du. Hurrengoan, elkartearen 75. urteurrena ospatuko dute, hain zuzen ere, larunbatean, hilak 17, Uliako plater tiroketa gunean egingo duten egun osoko ekitaldian. Bertan, elkartearen iraganari, orainari eta etorkizunari begira jarrita, ibilbidearen parte izan diren pertsonak eta sailak nabarmenduko dituzte. Hala, besteak beste, mende erdiz bazkide izan direnak omenduko dituzte eta Eguzkilorea emango diote Rafael Loza presidente ohiari.
Lagunarteko egun handi horrek topaketa, memoria eta ospakizuna lotuko ditu, eta bai klubeko kideei bai interesa duen edonori zabalik dago. Jarduerak 30 euroko prezioa du eta aurrez izena eman behar da elkartearen webgunean.
Egitaraua
12:05. Josetxo Mayor plazaren inaugurazioa
12:15. Ahantzi Erromeria Taldearen trikitixa, baxu eta pandero emanaldia
13:15. Eguzkilorearen ematea
13:30. Omenaldia berrogeita hamar urte gurekin daramaten bazkideei
14:00. Bazkaria. Menua: gilda artisaua, salmorejoa, txistorra taloa, ajoarrieroa, saltxitxa, txahal hanburgesa, eta gazta tarta. Edariak, sagardoa, ardo beltza eta garagardo artisaua.
15:45. Sailei eta arduradunei aintzatespena.
16:00. Haur taldeari omenaldia
16:15. Juantxo Zeberioren bandaren kontzertua.