Hondartzen zaintzara 4,6 milioi euro bideratuko ditu udalak

Donostiako Udalak hiriko hondartzen eta uhartearen zaintza egiteko kontratua adjudikatu dio Neo Instalaciones Deportivas enpresari. Zaintza ez ezik, salbamendua, laguntza zerbitzua eta desgaitasuna duten pertsonentzako Kontxako hondartzan bainu lagundua bermatuko dute. Lau denboraldiko iraupena du kontratuak eta 4.687.665 eurokoa da aurrekontua.
Zerbitzua hiru hondartzetako hareatzetan emango da: Ondarreta, Kontxa, Zurriola eta uhartea, Kontxako Badiako itsas eremu osoa eta Zurriolako hondartzako itsas eremua, bainurako eta ur-kiroletarako erabiltzen dena.
Hauek dira eman beharreko zerbitzu nagusiak: itsasoan egiten den uretako sorospenaren zaintza eta prebentzioa, salbamendua, sorosleek eta osasun larrialdietako teknikariek edo erizainek emandako osasun laguntza, eta mugikortasun urriko pertsonentzako bainu lagunduaren zerbitzua, Kontxako hondartzan.