Kulturarteko bazkari bat antolatu dute Bizilagunak egitasmoaren bidez, «arrazakeriari aurre egiteko»
Bazkaria ekainaren 1ean izango da, eta izen emateak SOS Arrazakeriaren webgunean egin daitezke, maiatzaren 26ra arte.

Bizilagunak egitasmoak hemen jaiotako familiak beste leku batzuetan jaiotakoekin elkartuko ditu ekainaren 1ean, kulturarteko bazkari batez gozatzeko. Etxean edo parkean, ezagutzea elikatzen! lelopean, ekimenaren helburua da egon daitezkeen estereotipoak eta aurreiritziak apurtzea, eta EAEn bizi diren bizilagunak hobeto ezagutzeko aukera emango duen ingurune bat ahalbidetzea.
Bizilagunak ekimenaren edizio honek bi aldaketa handi dakartza, elkartea indartzeko helburuz. “Lehenengo aldaketa data izan da, aurten erabaki dugu azaroko hotza atzean uztea, udaberrian eta ekainak ematen digun uda usainean murgiltzeko. Hori dela eta, ekainaren 1a aukeratu dugu”, azaldu dute SOS Arrazakeriatik.
Data berri honekin, bazkari hori egiteko espazioak zabaldu nahi dituzte: “Aurtengo leloak dioen bezala, etxeak eta parkeak familia hauen topagune izatea nahi dugu, eta egun horretatik aurrera, eraiki duten harreman hori elikatzea”.
Bigarren aldaketa irudiarena da, eta “irudi freskoagoa” eman nahi izan diote, aurten aukeratutako leloarekin bat datorrena. Hona hemen irudia:
“Desberdintasunek bereizten gaituzten mundu honetan, Bizilagunak proiektuak erabaki du zerbait egitea horren inguruan, kultura ezberdinetako familiak bazkari batean elkartzea, bazkari bat baino gehiago partekatzeko. Ulertuta batzuetan arrazakeriari aurre egiteko modurik onena ez dela diskurtsoekin baizik eta keinu txikiekin, bazkari bat konpartitzea bezala”, azaldu dute.
Donostia, gaur egun, askotariko hiria dela adierazi dute, “nazionalitate asko elkarrekin” bizi direna, eta uste dute beharrezkoa dela aniztasun horri balioa ematea eta “kulturen arteko harremana baldintza berdinetan lortzea, askotan beldurrengatik, aurreiritziengatik eta estereotipoengatik gertatzen ez dena”.
Bazkarirako izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 26ra arte, eta SOS Arrazakeriaren webgunearen bidez egin daiteke.