Migratutako pertsonen bizi-kokalekuen aurrean Udaltzaingoak jarduteko protokoloa aurkeztu du LABek

Donostiako Udaleko LABeko sail sindikalak prentsaurrekoa egin du gaur, migratutako pertsonen bizi-kokalekuen aurrean Udaltzaingoak jarduteko protokoloa aurkezteko. Protokolo honen garapenean, Nazio Batuen Batzar Nagusian 1948ko abenduaren 10ean 227 A (III) Ebazpenean onartutako Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala hartu du oinarritzat LABek.
Sindikatuaren iritziz, garatu daitezkeen laguntza asistentzialak alde batera utzita, “oso kontuan” izan behar da administrazioak eta, zehazki, Udaltzaingoak, “betebehar etikoa” dutela migratutako pertsonei dagokien Adierazpen horretan jasotako eskubideak aplikatzeko. “Donostiako Udaleko LABeko sail sindikalak, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean zerrendatutako eskubideak aztertu ondoren, ondorioztatu du gure hirian migratutako pertsonen tratamenduarekin zerikusia duten ekintzen kudeaketan udal honek ez dituela betetzen Nazio Batuen Adierazpenean ezarritako aginduak”, adierazi dute prentsaurrekoan.
Zehazki, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsaleko 2., 3., 6., 7., 9., 11., 13., 15. eta 25. artikuluak hartu dituzte aintzat protokoloa osatzeko. Azken horrek, zehazki, honakoa dio: “Pertsona orok du bizi-maila egokia izateko eskubidea, bai eta bere familiarentzat osasuna eta ongizatea bermatzeko ere, eta, bereziki, elikadura, jantziak, etxebizitza, mediku-laguntza eta beharreko gizarte zerbitzuak bermatzeko”.
Horren aurrean, honakoa adierazi du LABek: “Argi dago artikulu honek ezartzen dituen eskubideen parametroak ez direla betetzen gure populazio migratuaz ari garenean. Gure hirian, argi eta garbi, ez dira behar diren beharrak betetzen Adierazpenak modu berezian markatzen dituen eremu horietako batean ere”.
Bi ikuspegi dituen protokoloa
LABen proposamenak bi ikuspegi ditu, baina bien artean lotura dutenak: ikuspegi soziala eta poliziala. “Begi bistakoa da baliabide sozial gehiago dauden neurrian murriztu egingo direla poliziaren jardunak eskatzen dituen neurriak. LABen ustez, protokoloaren zati hori, ikusgarriena ez bada ere, garrantzitsuena da egoera hori kudeatzeko eta konpontzeko orduan”, azaldu dute.
Ikuspegi sozialari dagokionez, ezinbestekotzat jotzen dute gizarteratzeko gizarte-aurrekontuak handitzea. Zehazki, lehen neurri gisa, La Sirenako protokoloa baliogabetzea eta Arartekoaren txostena gauzatzea jasotzen du protokoloak. Horrez gain, “arrazoi objektiborik ez badago”, inor ez dela bizilekutik aterako dio protokoloak, eta ez direla arrazoi objektibotzat hartuko iritziak, planteamendu politikoak, “apaindura” eta behar bezala egiaztatuta ez dagoen beste edozein inguruabar.
Polizia alorrean, protokoloak jasotzen du bizilekuak ezingo direla hustu aurretik jakinarazi gabe (gutxienez aurreko hiru egunetan). Horrez gain, gutxienez, hurrengo bost egunetarako bizileku aukera eskaini beharko zaie. Bestalde, aurreikusten du kaleratzea ez lotzea inolako administrazio-zehapenekin. Gainera, zerbitzua hobetze aldera, udaltzainentzat prestaketa-lanak egitea proposatu du LABek, “ikuspegi inklusiboarekin”, eta, hala badagokio, edozein polizia operazio lotzea ustezko delitu jarduera indibidualari. “Presuntzio hori ez da inola ere kolektibizatuko”, zehaztu dute.
Hurrengo urratsak
Lehen urratsa protokoloa publiko egitea izan da, eta bigarrena, gaiarekin zerikusirik duten migranteekin harremanetan jartzea izango da. Ondoren, gaiarekin zerikusia duten eragile sozial guztiei emango diete proposatutakoaren berri.
Jarraian, udaleko alderdi politikoekin batuko dira, eta udalak erabakia har dezan, plenora eramango dute gaia. LABek adierazi du gertakarien “jarraipen zorrotza” egingo duela, eta “salaketa dinamika” piztuko duela, “beharrezkoa bada”.