Urtebeteko espetxe zigorra ezarri diote gizon bati, adin txikiko emakume baten aurkako sexu eraso batengatik

Gipuzkoako Auzitegiak urtebeteko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati, 15 urteko neska bati sexu eraso bat egiteagatik, Efe albiste agentziak argitaratutako informazioaren arabera. Gipuzkoako Fiskaltzak bi urteko zigorra eskatzen zuen hasieran, baina erasotzaileak gertakariak onartu ostean, Fiskaltzak urtebetera jaitsi du eskaera.
Horrela, gizona ez da kartzelan sartuko, hurrengo bi urteetan deliturik ez egiteko eta sexu heziketako ikastaro bat egiteko baldintzekin. Era berean, bost urtez kontrolpeko askatasunean egongo da, ezingo da biktimarengana hurbildu, ez eta berarekin harremanetan jarri ere, eta zazpi urtez ezingo du adin txikikoekin harremana edukitzea suposatzen duen edozein lan edo jardueratan parte hartu.
2021eko abenduaren 8an gertatu zen erasoa, gauez, Kontxako arkupeetan. Emakumea lagun batzuekin zegoela, gizona gerturatu zen eta ipurdia ukitu zion, baita bere lagunei lekuz kanpoko gauzak esan ere. Emakumeek argazki bat egin zioten gizonari, eta joaten ez bazen salatu egingo zutela ohartarazi. Une horretan, erasotzaileak makil bat hartu zuen eta emakumeek handik zebilen polizia patruila bati gertatzen ari zenaren berri eman zioten.