Alokairuen prezioa mugatzeko urratsak atzerapenik gabe emateko eskatu du Elkarrekin Taldeak
Erreferentzia prezioen indizeak ezartzeko informazioaren bidalketa azkartzeko eskatu diote Eustati.

Tentsio handiko eremu izendatutako udalerrietan alokairuen prezioa lehenbailehen mugatu ahal izateko, erreferentzia prezioen indizeak ezarri ahal izateko informazioaren bidalketa azkartzeko eskatu diote Elkarrekin Taldeko Maite Gartzia koordinatzaile ondokoak eta Victor Lasa Donostiako bozeramaileak Euskal Estatistika Erakundeari. Ostiral goizean udaletxean egindako prentsaurrekoan ohartarazi dute uztailean indarrean sartuko den izendapena ez dela nahikoa, alokairuaren prezioari mugak ezarri arte. “Etxebizitza Legea daukagu, datuak Eustaten esku daude… Orain borondatea eta azkartasuna falta dira. Ezin dugu atzerapen gehiagorik onartu alokairu garestiak mugatzeko, etxebizitza-larrialdi larria bizi dugun honetan”, adierazi dute.
Gogoratu dutenez, Podemosek 27 neurri sartu zituen fiskalitate-hitzarmenean, herritarren eguneroko bizitzan eragin zuzena dutenak, bereziki Etxebizitzaren arloan. Horregatik, “exijentea” izan da foru aldundiek konpromiso hori bete zezaten. Orain, urrats hori eginda, bai Eustatek bai ministerioak arintasunez jardutea funtsezkoa dela uste dute. “Ezin dugu gehiago itxaron, bizi dugun etxebizitza-larrialdia kontuan hartuta. Are gehiago, herritarren ahalegin kolektiboaren ondoren, gizarte-eskaeren ondoren, Etxebizitza Legea onartzea hainbeste kostatu ondoren”. Zentzu horretan, ohartarazi dute atzerapen horrek kalte egiten diela beren herrian duintasunez bizitzeko aukera galtzen duten milaka herritarrei. “Herritarren ahotsa entzun da, eta Donostiak alokairuen prezioei mugak ezartzeko atea zabaldu du. Lehen urrats erreal eta zehatza da etxebizitza duin baterako eskubidea bermatzeko, baina bidea oraindik luzea da. Ezin dugu onartu tentsiopeko eremuaren deklarazioa aukera galdua bihurtzea eta egindako lan guztia zapuztea”, esan du Lasak.