«Ez dago turista pilaketarik Egian edo Amara Berrin, baina turismoak auzoetan ere eragina du»
Turismoak hirietan eta lurraldeetan eragiten duenaz asko ikertu du Casilda Cabrerizo Sanz Geografian doktoreak (Madril, 1973). Egunotan Donostiara etorri dela probestuta, turismo eredu jasangarri baterantz joateko zenbait gako eman ditu elkarrizketa honetan.

Donostia ezagutzen al zenuen?
Aspalditik ezagutzen dut. Txikitan, gurasoekin behin baino gehiagotan etorri nintzen eta unibertsitate garaian ere etorri nintzen. Asko gustatzen zait Euskal Herria, oso lurralde interesgarria da. Era berean, Analistas Financieros Internacionales enpresan lan egiten nuenean, Donostiako Udalak lurralde politikari buruzko proiektu bat garatzeko kontratatu gintuen, 2009an. Hori dela eta, bi urtez asko etorri nintzen Donostiara, eta hiria nahiko modu sakonean ezagutzeko aukera eduki nuen.
Donostiara itzuli zara orain, EH Bilduren turismoari buruzko jardunaldietan parte hartzera. Nola ikusten duzu hiria?
Pandemia baino pixka bat lehenago etorri nintzen azkenekoz, eta egunotan, hainbat aldaketa antzeman ditut ordutik hona. Ez bereziki maila paisajistikoan, baina bai aztertu ditudan erakusle kuantitatiboei dagokienez. Argi ikusten da azken hamar urteotan areagotze turistiko nabarmen bat bizi izan duela hiriak: 2015etik, nazioarteko turisten kopurua nabarmen handitu da Donostian, eskaintzen diren plaza turistikoak ere asko igo dira eta, bereziki, igo egin dira gama altuko plaza turistikoak; azken hori hiri askotan ikusten ari garen fenomeno bat da.
Maila komertzialean, agerikoa da espezializazio komertzialak bere eragin eremua handitu duela. Izan ere, tokiko komertzio txikiak zituzten zenbait kale gogoratzen nituen, egunotan bestelako establezimenduez beteta ikusi ahal izan ditudanak, Peña y Goñi, esaterako. Halako hainbat kale soilik oinezkoentzako kale bihurtu izana ere horren erakusgarri da. Diru publikoarekin egindako esku hartzeak izaten dira halakoak, eta sektore pribatua izaten da hortik etekina ateratzen duena. Ondo dago sektore publikoak espazio publikoan esku hartzea, noski, baina espazio horiek higiezinen sektoreko eta sektore turistikoko kapital handien mende ez gelditzeko neurririk hartzen ez badira, zer egiten ari gara?
«Donostia jarduera turistikoaren areagotze bat bizitzen ari da, baina ez dago dena galduta»
Donostiako auzo guztiak turistaz eta hotelez beterik egon ez arren, turismoaren eragina auzo guztietan nabaritzen da. Beste hiri batzuetan gertatzen den fenomeno bat da?
Bai, noski. Turista gehien-gehienak hirietako erdigune historikoetan kontzentratzen jarraitzen dira, horietan egoten direlako turistak bilatzen dituen ondare elementuak eta elementu historikoak; turismoak inork baino hobeto maneiatzen du historia. Hori dela eta, ez dakit inoiz lortuko den espazio turistikoa hiri osotik zabaltzeko pretentsio hori, badaudelako espazio urbano asko turistari interesatzen ez zaizkionak. Ordea, jarduera turistikoak hiri osoan du eragina: ez duzu turista pilaketarik ikusiko Egian edo Amara Berrin, baina jarduera turistikoaren areagotzeak auzoetan ere eragina du: etxebizitzaren prezioan, mugikortasun arazoetan eta bizitza mailan, oro har.
Jarduera turistikoaren areagotzeak espazio publikoa merkantilizatzen duela eta bertako herritarrak prekarizatzen dituela aipatu izan duzu hainbat ikerketa eta elkarrizketatan.
Jarduera turistikoak oso zaurgarri bihurtzen ditu lurraldeak eta gizarteak, betiere, jarduera horren intentsitatearen arabera: ez da gauza bera Benidormez, Malagaz edo Bartzelonaz hitz egitea ala beste hiri batzuez hitz egitea. Donostiaren kasuan, areagotze nabarmen bat bizitzen ari bada ere, uste dut oraindik ez dagoela dena galduta, oraindik egoerari buelta emateko aukera duela.
Eguzkia eta hondartza duten gune turistikoetan, urtaroekin oso lotuta dago jarduera turistikoa eta, beraz, urteko garai jakin batzuetan ekonomiak behera egiten du nabarmen; pandemiaren garaian argi ikusi zen hori, oso gaizki pasatu baitzuten Mediterraneoko zenbait tokitan. Zaurgarritasun hori erakusten duen beste adierazle bat trebakuntza maila da. Izan ere, sektore turistikoak batez ere gizonez osaturiko zuzendaritza bat dauka alde batetik, eta, bestetik, langile askok eta askok osaturiko oinarri bat. Lanpostu asko sortzen ditu turismoak, baina trebakuntza maila oso altua behar ez dutenak, eta, gainera, enpresariak kostuak murrizten ditu emakumeak, migranteak eta gazteak kontratatzen dituenean. Eta turismo arloko langileak zerbitzu eta zaintza langileak direnez, oso feminizatuta dagoen arlo bat da, eta horrek harreman zuzena dauka patriarkatuak emakumeoi inposatu dizkigun rolekin.
Turismoa demokratizatu dela esan ohi da. Hala da?
Ez. Munduan zehar mugitzen den jendearen ehuneko oso handi bat ez da aisialdi arrazoiengatik mugitzen, pobreziatik, gerretatik eta bestelako egoeretatik ihes egiteagatik mugitzen da. Munduko biztanleriaren %20 inguru baino ez da turismoa egiteagatik bidaiatzen duena. Orduan, agintariei interesatzen zaiena da oso ondo definitzea nor den turista eta nor ez, mugak gogortzeko. Ildo beretik, ni, europar gisa, Afrikako edozein herrialdetara joan naiteke, baina Afrikako herrialde horietako herritarrak ezin dira edozein modutan hona etorri.
«Edozein asteburutan edozein hiritara joanda ez duzu mundu osoa ezagutzen; bi egunetan ez da ezer ezagutzen»
Turismoaz eskubide bat izango balitz bezala hitz egin ohi da, baina pribilegio bat da.
Mahai gainean jartzen hasi behar den gai bat da. Aipatu moduan, alde batetik, munduko biztanle guztiak ez gara turistak. Bestetik, argi dago turismo intentsitate handiak hirietan eta lurraldeetan eragozpenak eta bizitzeko zailtasunak sortzen dituela eta, horregatik, jendea kalera ateratzen hasi da azkenaldian. Aldiz, askotan, kalera ateratzen garen berberak gara gero bidaia turistikoak egiten ditugunak, segur aski, beste leku batzuetan eragozpen berdinak sortuz. Horri buruz hausnartzen hasi behar dugu.
Turismotik harago, hala ere, eraldatu behar dugu gure gizartearen oinarrian dagoen eredu ekonomikoa, etengabeko hazkundea eta kontsumoa sustatzen dituena. Gure denbora librea kontsumorako denbora bihurtu dugu, denbora libre hori erabat ustelduz. Eta sektore turistikoak funtsezko papera izan du zentzu horretan, sinetsarazi baitigu denbora librea bidaia turistiko bat egiteko erabiltzea dela egin dezakezun gauzarik onenetako, dibertigarrienetako eta politenetako bat, eta, gainera, estatus sozial on bat ematen dizuna.
Nola izan gaitezke turista onak?
Etengabe bidaiatzearen eta kontsumitzearen logika horiek hautsi behar ditugu. Ezin dugu urtero sakelako berri bat erosi eta ezin dugu asteburu honetan hiri honetara joan eta hurrengoan beste horretara. Bidaiatzearen benetako zentzua berreskuratu behar dugu, edozein asteburutan edozein hiritara joanda ezin baituzu esan mundu osoa ezagutzen duzula; ez duzu ezer ezagutzen, bi egunetan ez delako ezer ezagutzen. Akaso, planteatu behar dugu bizpahiru urtean behin bidaiatzea, bidaia bereziago bat eginez, zoazen leku hori benetan ezagutzera joanda.
Era berean, gertuko turismoa eta turismo soziala sustatu behar ditugu, sektore publikoaren inplikazioarekin. Izan ere, kalitatezko turismoaren ideiak sustatzen duen bakarra da soilik aberatsek bidaiatzea, eta hori ez da bidea. Turismo sozialak, arlo publikoak babestuta, bermatzen du herritar guztiek edo gehienek izatea aukera noizean behin egun batzuk etxetik kanpo pasatu ahal izateko.