Hutsuneen izaera fisiko, emozional eta kolektiboa

ERREPLIKA
Zuzendaria: Pello Gutierrez · Urtea: 2024 · Herrialdea: Euskal Herria
1978an Hernaniko arraun taldearen traineruan bataioa filmatzen ari zela, atxilo hartu zuten Juanmi Gutierrez zinemagilea. Ondorioz, momentu historiko haren erregistrorik ez da existitzen. Hurrengo urtean, XIII. mendeko Zikuñagako Ama Birjinaren figuratxoa norbaitek lapurtu zuen herrian. Ez da sekula agertu. Ermitaren ondoan eraikitako paper fabrikak eremua zabaldu nahi zuela eta, berau bota zuten handik zenbait urtetara. Ez dute berriz eraiki.
Hiru ildo narratibo elkarri lotuta. Denetan ere, ideia bakar bat oinarrian: hutsuneak. Pello Gutierrezek ausentziari buruzko obra kontzeptuala aurkeztu zuen iazko irailean, 72. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean, eta orain, azkenean, zinema aretoetara iritsi da. Aitaren heriotzak etxean eta beregan utzitako zuloa abiapuntu, hutsuneek ezkutatzen dituzten ametsak eta esleitutako esanahiak izan ditu donostiarrak ardatz Erreplika saiakera filmikoan.
Euskal zinemagintzako izen handi bati egindako omenaldi sentikor bezain pertsonala izaki, semeak haren tonu esperimental eta askeari fidel uztartu ditu aitaren bobina zaharretatik berreskuratutako filmaketak, gutun, berri-paper eta testigantzak, zein lekukoen oroitzapenak.
Eta, noski, Erreplika-k bere gain du zinema-hizkuntzari buruzko gogoeta ere. Irudiek osatzen dituzte planoak, sekuentziak, filmak. Eta zein aukeratu, zein baztertu, da zinemagile ororen betekizuna. Aitarena zen muntaketa mahaia erakutsiko digu Gutierrezek, gela horretantxe bertan emango die forma esku artean dituen (eta batez ere, ez dituen) irudiei. Horiek zer diote? Nola interpretatu eta irakurri?
Bada, eza-ren izaera emozional, fisiko eta kolektiboa aztergai izan du aztergai donostiarrak. Hala, erantzunik ez duten galderen bilaketa konstante bat da bilakatuko da obra, irtenbiderik gabeko zurrunbiloa, etengabe agertuko diren hutsuneen segida. Eta, batez ere, horiek ordezkatzeko errepliken inguruko hausnarketa.