Kanporaketa erabakigarria dauka Gipuzkoa Basketek, mailaz igotzea helburu

Denboraldiko une erabakigarrian murgilduta dago Gipuzkoa Basket, ACB ligara igotzeko kanporaketak jokatuko baititu. Gaur bertan (hilak 16) dauka lehenengo erronka, final-laurdenetan Estudiantes izango baitu aurkari. Kanporaketako lehenengo bi neurketak jokatuko dituzte asteburuan: bat gaur eta beste bat igandean; hurrengoak astean zehar izango dira. Horren harira, Mikel Odriozola entrenatzailea elkarrizketatu du hedabide honek aste honetan; hemen irakur dezakezue elkarrizketa.
Txirrindularitza aipatzekoa da asteburu honetan, emakumezkoen Euskal Herriko Itzulia gaur (hilak 16) hasiko baita. Hiru etapa izango ditu, eta Donostian hasi eta bukatuko da hirugarren eta azkena, igandekoa. 112,6 kilometroko ibilbidea osatuko dute txirrindulariek, tartean hiru mendate zeharkatuta.
Futbolean, gizonezkoen Realak garaipena bilatuko du Anoetan igandean, Gironaren aurka. Europan sartzeko ia aukerarik gabe, bere zaleen aurrean denboraldia ondo bukatzea bilatuko dute txuri-urdinek. Arratsalde berezi bat izatea espero da, Imanol Alguacil entrenatzaileari intsignia emango baitiote. Bestalde, futbolarekin jarraituz, emakumezkoen Realak denboraldia itxiko du igandean, Teneriferen etxean. Txuri-urdinek ez dute ezer jokoan, baina ez da gauza bera denboraldia garaipen batekin amaitzea ala porrot batekin.
Belar hockeyan, ligako azkenurren neurketa jokatuko du Realak igande eguerdian, Club de Campo Villa de Madriden etxean. Txuri-urdinek ez dute ezer jokoan, baina denboraldia aho zapore gozoarekin bukatu nahi dute.
Azkenik, eskubaloian, Bera Berak ez du partidarik jokatuko asteburuan, baina bai astean zehar. Izan ere, liga irabazteko kanporaketetako finalerdiak jokatzen hasiko da asteazkenean (hilak 21), etxean, Malagaren aurka.
PARTIDAK
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, ACBra igotzeko kanporaketetako final-laurdenak
- Estudiantes — Gipuzkoa Basket (ostirala, 16, 19:30)
- Estudiantes — Gipuzkoa Basket (igandea, 18, 18:00)
Futbola
Gizonezkoen liga, 37. jardunaldia
- Reala — Girona (igandea, 18, 19:00)
Emakumezkoen liga, 30. jardunaldia
- Tenerife — Reala (igandea, 18, 12:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 21. jardunaldia
- Club de Campo Villa de Madrid — Reala (igandea, 18, 13:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen ligako titulurako finalerdiak
- Bera Bera — Malaga (asteazkena, 21, 20:30)